2019-10-19
Adimen gaitasun handiaren inguruan ezagutza eta formazio gutxi izaten dugu oro har. Hori dela eta irakasle, hezitzaile eta familiak galduta ibiltzen dira ikasle hauek antzemateko, ulertzeko eta beharrezkoa duten hezkuntza-erantzun egokia eskaintzeko.
Ikastaro honetan ezinbestekoak diren kontzeptu, ezagutza, lege eta araudi, hezkuntza-erantzun, hezitzaileen eginkizun, familien garrantzia eta baliabideak hurrenez hurren aztertuko ditugu.
Gaiaren inguruko ezagutza teorikoak praktikarekin uztartuko dira eta hezitzaileen ardura eta zalantzak partekatu eta argitzen ahaleginduko gara.
2019-10-19
Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu dira: sorkuntza-testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira, eta abar. Testuinguru berri horrek modu berezi batean eragin du euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, are ahulagoak direlako kultur egiturak eta kultur esparruak.
Jardunaldi hauetan egungo kultur bitartekaritza izango dugu hizpide, betiere euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea xede izanik. Norabide horretan, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbilduko gara jardunaldiz jardunaldi, bitartekaritzan esku-hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, baina, batez ere eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko (hezkuntza arautua, hezitzaileen formazioa, aisialdia, ekoizpena eta argitalpengintza, komunikabideak, kultur instituzioak, eta abar).
Lehen jardunaldi hauetan hezkuntza arautuan jarriko dugu arreta, eskola-bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egiteko, eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz. Nolanahi ere, hezkuntza arautuaren eta hezkuntza ez-aratuaren arteko zubi zenbait izango ditugu aipagai, bi eremuen arteko elkarlana eta osagarritasuna ardazten joateko.
Jardunaldi hauek elkargune bat izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko asmoz.
Lehen jardunaldi hauetan antolatzaile lanetan ondoko elkarteak ibili gara:
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |