2021-03-13
1968an Euskara Batua abiatu zenetik, eta 1995ean Euskara Batuaren Ahoskera Zainduari (EBAZ) buruzko araua kaleratu zenetik, bide luzea egin da. Denbora-tarte horretan, euskararen ahoskerari dagokionez, euskarazko telebista, irrati, podcast eta YouTube kanal berriak sortu dira; euskarazko irakaskuntza nagusi da gure inguruan; beste hizkuntzetatik euskararako interpretazioa sendotu da; euskarazko antzezlan eta ikus-entzunezkoetan aktore asko trebatu dira… Baina ahozko euskararen inguruko lanketa berezirik ez da egin, ekarpen teoriko gutxi eta praktikara eramateko saiakera apur batzuk baino ez:
Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatu nahi da laborategi honetan: azentua, intonazioa, euskal doinua, e.a. Horretarako mahainguru bat hiru lan-saio eskainiko dira. Larunbat goizetan izango diren hiru saioetan, lehenik aditu/aritu baten ekarpena jasoko da eta ondoren, laborategian, esperimentatzeari ekingo zaio.
Ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio: saio bakoitzaren bigarren zatian, metodo enpirikoa geure egin, eta esperimentatu egingo dugu, ahozkoa lan-tresnatzat hartuta. Probetarik ez dugu erabiliko; baina, laborategi-lanak eskatzen duen bezala, probetan ardaztuko ditugu saiook, probatzea baita edozein langairi etekina ateratzeko modurik egokiena: hizkuntzarekin jolastea, saiakuntzak egitea, esperimentatzea. Amaieran, nola ez, ikasitakotik ondorioak ateratzen saiatuko gara, denon arteko hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuz.
Jarduera hau UEUk eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatu dute.
