2021-04-17
Ikastaroaren datak: apirilak 17 eta 24
Egun bizi dugun pandemia egoeran, koronabirusa aire zabalean gutxiago kutsatzen dela ikusita asko dira ikasgelak naturara zabaldu dituzten ikastetxeak. Eredu hau ohikoa da beste zenbait herrialdeetan (Norvegian, Danimarkan eta Eskozian, esaterako), eta gainera, haurren behar afektiboak, ongizatea eta eskubideak (jolasa eta ingurumenarekin harremana) bermatzen ditu.
Baina ez hori bakarrik. Egun bizi dugun krisiak zerikusi handia du klima-larrialdiarekin eta honi aurre egiteko tresnetako bat, hezkuntza bera dugu. Adituek diotenez klima-larrialdiko edukiak ikasgai batean ala bestean txertatu baino, programa akademiko guztia blaitu behar dute eta tronkalak diren disziplinetan modu transbertsalean lantzea ezinbestekoa da, ikasleen bizitzetan inpaktua izan dezaten. “Garapen jasangarrirako helburuetarako hezkuntza” txostenean, Unesco etxeak dio “esperientzia zuzenak” behar direla, ikasleen arlo emozionala ukitzen dutenak.
Ikastaro honen helburua, beraz, eskolak naturara zabaltzeko grina piztea da, egun bizi ditugun egoerei aurre egiteko irtenbide gisa. Eskola-sistemako eragileengan jasangarritasunarekiko konpromezua indartu nahi dugu eta horretarako, irakasleak naturan hezteko prestatu nahi ditugu.
Zeren zain gaude? Naturan ikasteko unea da!
2021-04-17
UEUren Natur Zientzien sailak eta Euskal Natura elkarteak antolatuta, NZ4T Natur Zientzien IV. Topaketa izango da 2020ko azaroaren 7an eta 8an. Topaketa hauek jaio ziren Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dabilen jendearen eta naturzaleen elkargune izateko. Bere aurreko edizioak 2013 (NZTOPA!), 2015 (NZ2TOPA!) eta 2018an (NZ3T) burutu ziren, eta alorreko kide asko erakarri zituzten.
Azken urteotan, jasangarritasuna bezalako hamaika hitzekin bete zaigu ahoa. Egunero entzuten ditugu modan jarri diren hitz potolo hauek, aldaketa klimatikoa, ekologikoa, organikoa… eta dagoeneko esanahia galtzen hasi direla dirudi. Hori horrela, berezkoa duten garrantzia berreskuratzeko asmoz, aurtengo topaketak aldaketa globala izango du ardatz. Alde batera utziko ditugu Antartidako izotz-urtzeak eta Amazonaseko suteak, eta inguruko gatazkak izango ditugu jomuga.
Ikusi topaketaren web gunea: www.nztopaketa.eus