2012-06-21 - Enpresarean
“Euskal idazleak besteren zalantzei egin behar die aurre: zergatik idazten duzu hain txikia den hizkuntza batean?”
Bernardo Atxagak euskal literaturari buruz eskaini zuen hitzaldiarekin inauguratu ziren atzo Oxfordeko Unibertsitateko XV Forum of Iberian Studies jardunaldiak. Edmund Williamson katedradunak aurkeztu zuen Atxaga; euskal idazlearen nazioarteko ibilbidea eta Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura foro honetan lehen aldiz egon daitezen egin duen ahalegina goraipatu zituen. Mari Jose Olaziregi Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak ordezkatu zuen Institutua ekitaldian.
“Euskal literaturaren azalerak” hitzaldiaren hasieran, Euskal Herriak historian zehar hartu dituen izen ezberdinetaz eta haien atzean egon diren ideologiez aritu zen Atxaga: Euzkadi, Euskadi… Robert Williams idazleak ez hain aspaldian idatzi zuena ere gogora ekarri zuen: “euskaldunen jatorri edo izatearen gaineko aipamen guztiek erabateko izaera politikoa dute”. Horrek literaturan dituen ondorioetaz galdegin zionbere buruari, zer nolako eragina duen azalerak euskal idazleengan tamaina horretako azalerak.
Atxagaren esanetan “euskal idazleak besteren zalantzei egin behar die aurre lehen-lehenik: zergatik idazten duzu hain txikia den hizkuntza batean?”. Euskarak literaturarako duen ustezko bideraezintasunaren eraginez egindako galdera izaten da sarritan. Bere ustez, ordea, “idazlearen hizkuntza gutxitua izateak ez du axola, itzulpena izena duen tramankulua baitaukagu, edozein hizkuntza munduan kokatzeko gauza dena”. Adibide gisa, aurten International Foreign Literature Prize sariketako finalisten artean islandiera eta euskara hizkuntzagutxituetan idazten duten bi idazle daudela aipatu zuen (Victoria Cribb eta Bernardo Atxaga bera).
Iturria: Euskararekin lanean