Berriakrss

Hitzarmena

2012-06-21 - Enpresarean

Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka aurten egingo da, azken hiruhilekoan, Donostian. Hura antolatzearen truke, 20.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteari.

Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak, bestalde, adierazi du “Gipuzkoako enpresak aitzindariak dira hizkuntza kudeaketarako planak beren ohiko funtzionamenduan txertatzen: Antzuolako Elay, Arrasateko Fagor, Kutxa, Pasaiako Portua edo Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu duten Gipuzkoako 529 erakundeak, adibidez. Bada oraindik zeregina arlo horretan, ordea. Izan ere, euskarak bizitza sozialean aurrera egin dezan, funtsezkoa da alor sozioekonomikoa euskalduntzea, orduen heren bat lanean pasatzen dugu-eta”.

Etxeburuak krisi garai honetan Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea balio erantsia dela adierazi du, “euskaraz lan egiten duten enpresek lehiakortasuna handitzen dutelako”. Gipuzkoako Foru Aldundiak alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko traktore lana egiteko asmoa duela gaineratu du Euskara zuzendariak. Alde horretatik, Foru Aldundiarekin lan egiten duten enpresei zerbitzuak euskaraz ere eskaintzea eskatuko zaiela iragarri du. Etxeburuak esan duenez, “erakundeok ere badugu ardura alor sozio-ekonomikoan euskarak nabarmen aurrera egin dezan. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin gaur sinatutako hitzarmenak betebehar horri erantzun nahi dio, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatuta, ideia hori mahai gainean jarri eta sustatu egingo dugulako”.