Berriakrss

Ipar Kutxak Norbolsa balore-sozietatearen kapitalaren %5 bereganatu du

2012-06-21 - Enpresarean

Carlos Osés kreditu kooperatibako zuzendari nagusia Batzordekide Kontseilaria izango da burtsa-enpresako Administrazio Kontseiluan.
NORBOLSAk, burtsa-bitartekaritzan eta balio erantsi handiko finantza-zerbitzuetan espezializatutako euskal enpresak, akordioa sinatu du IPAR KUTXA kreditu-kooperatibarekin eta Kataluniako CAJA DE INGENIEROS kreditu-kooperatibarekin, balore-sozietatearen kapitala zabaltzeko asmoz.
Kapitala zabaltzeko eragiketa honek NORBOLSAren akziodunerian sartzeko aukera eman dio IPAR KUTXAri, akzioen %5ekin, eta honen ondorioz, Carlos Osés zuzendari nagusia Batzordekide Kontseilaria izango da NORBOLSAko Administrazio Kontseiluan. KUTXABANKek kapital sozialaren %85 izango du aurrerantzean, eta Kataluniako CAJA DE INGENIEROS kreditu-kooperatibak %10.
Eragiketa gaur goizean formalizatu da, NORBOLSAren Batzar Nagusian, baina IPAR KUTXAk kapitalaren %5 bereganatzeko negozioazioak duela zenbait hilabete abiatu ziren. Kreditu kooperatibak balore-burtsako lehen mailako eragiletzat jo du NORBOLSA —burtsako bere eragile nagusia izan da beti—, eta negozio-ikuspegi apartak iragarri dizkio, akziodunen sendotasunak eta kaudimenak bermatutako euskarri finantzariaari esker.
IPAR KUTXAk Euskadiko Kutxarekin adostuta erabaki du NORBOLSAko kapitalean sartzea, bi euskal kreditu kooperatibek itundutako fusio-eragiketari jarraiki. IPAR KUTXAk 397 langile eta 175.000 bezero baino gehiago ditu gaur egun, eta bere merkataritza sarea Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan zehar zabaldutako 87 bulegok osatzen dute. Erakundea Euskadiko Kutxarekin fusionatzeko prozesuan murgilduta dago, Ekonomia Ministerioko Altxorreko Idazkaritza Teknikoak eta bi erakundeetako bazkideen batzarrek berresteko zain.
NORBOLSA, 1989an Bilboko Burtsa berriaren sorreraz eratutako balore-sozietatea, balio erantsiko inbertsio-zerbitzuetan diharduen enpresa espezializatu gisa kontsolidatu da, eta gaur egun, Euskadiko eta Estatu osoko hogei bat finantza-erakunderekin lan egiten du. NORBOLSAk %20tik gorako urteko TIR errentagarritasun-tasa metakorra mantentzen du, eta Estatu osoko burtsa-konpainiarik errentagarrienetakoa da.
Argazkian: ezkerretik eskuinera, Agustín Garmendia (Norbolsa), Carlos Osés (Ipar Kutxa), Joseba Barrena (Kutxabank) eta Joan Cavallé (Caja de Ingenieros).

Iturria: Euskararekin lanean