2012-07-04 - Enpresarean
Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako Batzar Nagusiak egin dira Vitoria-Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren.
Bi Batzarrek Kontseilu Errektoreen proposamena onartu dute: bi Entitateek bat egitea eta kreditu-kooperatiba bateratua sortzea. Funtsezko aurrerapausoa izango da, hasieratik erabateko bateratasun-giroa ezaugarri izan duen prozesuan urratsak ematen jarraitzeko. Martxoaren 20an, elkarrizketa formalei ekin zitzaiela jakinarazi genuen, eta, ordutik, bat egiteko egutegia zorrotz bete da, aurreikuspenekin bat. Bi Entitateetako Kontseilu Errektoreek bere garaian hartutako erabaki nagusiak berretsi dituzte gaurko Batzarrek. Izan ere, erabaki horiek bat egiteko prozesua koordinatzeko sortu ziren lan-mahaien bidez gauzatu dira. Erabakirik azpimarragarrienak honako hauek dira:
Entitate bateratuak jatorrizko bi Entitateetako bazkide mota guztiak hartuko ditu barne: Euskadiko Kutxako egungo bazkideak eta Estatutuetan kooperatiba-loturaren inguruan xedatutako baldintzak betetzen dituzten bezero-bazkideak eta pertsona fisiko zein juridikoak. Ipar Kutxako egungo bazkideek baldintza horiek betetzen dituzte. Egoitza Soziala Arrasaten egongo da. Ipar Kutxaren Bilboko egungo egoitza Txikizkako Bankuko Merkataritza Sarearen eta bere Negozio Batzordearen azpiegoitza operatiboa izango da. Dagokien Lurralde Zuzendaritza eta Negozio Batzordea ere bertan egongo dira. Era berean, Lagun Aro Aseguru Etxearen, Zorroen Sozietatearen eta Kudeatzaileen egungo egoitzek Bilbon jarraituko dute.Aldi batez, Kontseilu Errektoreak 15 kide izango ditu: 12 Euskadiko Kutxakoak eta 3 Ipar Kutxakoak. Bestalde, Euskadiko Kutxako egungo lehendakaria, Txomin García, Entitateko lehendakari izendatzea erabaki dute.
Bat egin ondoren, bi Entitateetako lan-bazkideen eta/edo langileen laneko eskubide eta betebeharrei bere horretan eutsiko zaie. Ipar Kutxako langileei, plantillako ordezkariekin adostutako erabakiaren ondorioz, lan-bazkide bihurtzeko aukera eskainiko zaie, eta Euskadiko Kutxako egungo bazkideek baldintza berberak izango dituzte. Azken finean, pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea da kontua, kooperatiba-entitateen funtsezko oinarria baita. Era berean, nahitaezkoa da kooperatiba-printzipioak iraunaraztea: besteak beste, atxikipen-askatasuna, antolamendu demokratikoa, lan-subiranotasuna, gestio-partaidetza, ordainsarien elkartasuna eta elkar lankidetza. Ipar Kutxari dagokionez, inoren konturako langile izaten jarraitu nahi dutenei aukera hori bermatuko zaie.
Iturria: Euskararekin lanean