Berriakrss

Euskadi 2012 Ekoeraginkortasunaren Astearen baitan, enpresei zuzendutako bi jardunaldi eskainiko dira Debegesan

2012-07-17 - Enpresarean

Euskadi 2012 Ekoeraginkortasunaren Astearen baitan, Debegesa garapen agentziak IHOBErekin elkarlanean bi jardunaldi eskainiko ditu bihar, ekainaren 1ean, eta datorren asteartean  ekainaren 5ean, eskualdeko enpresei zuzenduta.

“Euskadi 2012 Ekoeraginkortasunaren Astea” IHOBEk sustatzen duen ekimena da eta Debegesak parte hartuko du beste hainbat enpresarekin batera. Helburua da EAEko enpresen lehiakortasuna hobetzen eta nazioarteko merkatuetan lidergo-posizio batean jartzen lagunduko duten ekintza eta ekimen guztiak bateratzea.

Debegesak eskainiko duen lehendabiziko jardunaldia bihar egingo da, ekainak 1, “Olio eta taladrinen minimizatzea” izenburupean. Debabarreneko mekanizatu tailer txikiei zuzenduta, saioak mekanizatuaren ingurumen-arazoak izango ditu aztergai. Parte hartzaileek emisio eta hondakinen minimizatzeari dagozkion esperientzia aplikagarriak ezagutuko dituzte.

Jardunaldia goizeko 9:00etan hasiko da eta hiru orduko iraupena izango du.

Datorren asteartean, ekainaren 5ean, “Merkataritza berdea: Ezagutu beharreko aukera” jardunaldia hartuko du Debegesak. Produktu berdea eta merkatu berdea zer diren ezagutzea izango du saioak helburu. Taldeko dinamika egingo da produktu berdeak aztertu eta identifikatzeko eta merkataritza berdearen aldeko apustuaren onura eta zailtasunak emango dira ezagutzera.

Bereziki honako merkatal sektoreetara zuzendua dago jardunaldia: paper dendak, elikadura, garbiketa produktuak, ehun produktuak, ekipamendu informatikoak, pintura eta bernizak, etxetresna elektrikoak eta argiztapen sistemak.

Jardunaldiaren ordutegia 14:15etik 16:15era izango da. Jardunaldi biak Debegesan egingo dira, Eibarren, eta parte hartzea doakoa izango da.

Jardunaldiak Valora programaren baitan kokatzen dira eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatuta daude, Euskadiko 2007-2013 programa operatiboaren bitartez.

Parte hartu nahi dutenek, izena eman dezakete on-line www.debegesa.com web orrian, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

Iturria: Lanabesa