Berriakrss

Helburu komertziala zuen Uruguaira egindako bidaia fruituak ematen hasi da

2012-09-21 - Enpresarean

Landa Garapen eta Turismo diputatuak, Jon Peli Uriguenek, bidaiak "Erabateko arrakasta" izan duela adierazi du. Ekimena uztailean antolatu zen eta helburu komertziala zuen. Hala, denbora igarota, Uriguenek Uruguaira joan ziren ia enpresa guztiek lortu dituzten emaitzen berri eman du.
Besteak beste, honako kasu hauek aipatu ditu: andamioen enpresa batek bi karga-jasogailu saldu ditu eta ordezkaritza bat zabalduko du biltegi batekin. Ontziola batek draga bat eraikitzeko lehiaketa publikora aurkezteko erabakia hartu du eta Uruguaiko gobernuarekin aldebiko harremanak izaten ari dira han ontziola bat zabaltzeko. Horiez gain, altzari enpresa bat Punta del Esteko kongresu eta konbentzio zentro bat hornitzeko lehiaketara aurkeztuko da. Gipuzkoako eraikuntza enpresa batek partzuergo bat sortu du Iberdrolarekin eta enpresa ingeles batekin, Uruguaiko historiako obra zibil handienaren eraikuntzarako lehiaketan parte hartzeko.
“Helburu komertziala zuen bidaia egin eta bi hilabetera gurekin etorri ziren enpresak lortzen ari diren emaitzek erakusten dute asmatu egin genuela bidaia hau bultzatzerako garaian", adierazi du ekonomiako foru arduradunak batzarkideen aurrean.

Iturria: Euskararekin lanean