2012-09-24 - Enpresarean
Guztia prest dago urriaren 2an Kursaalen egingo den 'Enpresarean' azokarako
Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordearen eta K2K Emocionando-ko kide Asier Irazustaren hitzaldiak; Fremap, IMH, Kutxa Fundazioa edota Euskadiko Kutxaren aurkezpenak; Nekatur, Bitarlan edota Mondragon Linguaren erakusleihoak; mahai-inguruak, coworkinga eta gehiago izango dira egun osoz egingo den euskaraz diharduten enpresen arteko azokan.
Egitaraua itxita badago ere, azokako ateak zabalik daude bertako erakusleihoak ikusi eta egingo diren hitzaldi, mahai-inguru edota aurkezpen laburrak entzun nahi dituen ororentzat.
Urriaren 2an Donostiako Kursaalen egingo den Enpresarean euskaraz lan egiten duten enpresen arteko azokaren gaineko azken xehetasunak eta nondik norakoak azaldu dituzte gaur Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Josu Ruiz Donostiako Udaleko bozeramaile eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak, eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak Gipuzkoako Foru Aldundian egin duten prentsaren aurreko agerraldian.
Gutiérrezen esanetan, Enpresarean egitasmoaren helburua da arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean. Hala, urriaren 2an egun osoz Kursaalen egingo den azokan euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bilduko dira, elkarren arteko harremanak estutu, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.
Hala azaldu du Gutiérrezek: “Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei erraztasunak eman nahi zaizkie, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei salmentarako gune bat eskaini. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du.”
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, Enpresarean (Enpresa sarea, euskaraz) izeneko egitasmoa orain dela bi urte jarri zen martxan euskaraz diharduten enpresen arteko lankidetza bultzatzea helburu hartuta. Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, Donostiako Udalaren lankidetzari esker, eta Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzari esker, baldintza egokiagoetan garatu ahal izango da Enpresarean egitasmoa: “Hala eta guztiz ere, azoka Enpresarean egitasmoaren barneko beste proiektu bat baino ez da, agian orain arteko garrantzitsuena, baina aurrera begira gehiago izango dira. Orain bi urte hasitako bideari etorkizun luzea eta oparoa ikusten diogu“.
Egitaraua
Egun bateko azoka izango da Enpresarean: goizeko 8:45etan irekiko da eta arratsaldeko 18:30etan itxi, eta egitaraua eta partaideak dagoeneko zehaztuta daude. 9:15era bitartean dokumentazioa banatuko da eta jarraian, 9:45 arte, 3. aretoan, aurkezpen instituzionala egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Kutxa Fundazioak eta Ziurtagiriaren Elkarteak eta horrekintxe emango zaio hasiera azokari.
Lehen protagonista Guillermo Dorronsoro, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordea, izango da. “Sustraiak han dituena - Globalizazioa bertako begiez ikusita” izeneko hitzaldia eskainiko du 9:45etik 10:45era 3. aretoan bertan, eta bitarte horretan ez da beste ekintzarik izango. Jarraian kafea hartzeko tartea izango da 11:15 arte eta bitarte horretan “Speakers corner” delakoa martxan egongo da. Hala, edozein enpresak edota pertsona ekintzailek bere burua aurkeztu eta dituen ideiak edota proiektuak saltzeko aukera izango du.
Kafearen ondotik, 11:15ean, esperientzia laburren tartea irekiko da 1. eta 2. aretoetan. Bertan 15 enpresak 10-15 minutu inguruko aurkezpenak egingo dituzte euren enpresaren, jardueraren, produktuen edo zerbitzuen gainean 12:45 bitartean. Eta goizari amaiera emateko, mahai ingurua egingo da Enpresa, euskara, sarea gaitzat hartuta. Mahai-inguruan parte hartuko dute Berria Taldeak, Codesyntaxek eta Akting enpresak.
Arratsaldeari ere, goizean egin bezalaxe, hitzaldi batekin emango zaio hasiera. Koldo Saratxaga buru duen K2K Emocionando enpresako kide Asier Irazustak hitzaldia eskainiko du. Eta bitarte horretan ere ez da beste ekintzarik izango. Arratsaldearekin amaitzeko, 16:30etik 18:30era Lehialkartasuna lelopean coworking saioa egingo da HUB! Donostia-k lagunduta. Helburua da euskaraz lan egiten duten enpresak elkar ezagutzea, elkarrekin lan egiteko aukerak aztertzea eta negozio aukera berriak hasteko ateak irekitzea.
Honezaz guztiaz gain, stand-ak egongo dira egun guztian zehar, azoka irekitzen denetik ixten denera. Bertan 15 enpresak euren produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte, beti ere euskaraz lan egiteko dauden beharrak asetzera zuzendutakoak izango dira. Bertan saltzeko aukera izateaz gain, aurrera begira negozioak egiteko ere balioko du azokaren zati honek.
eAzoka
Enpresarean azokak badu beste gune bat ere, oso garrantzitsua: sarea, hain zuzen ere. Horrexegatik, www.enpresarean.org webgunea jarri da martxan eta sare-sozialetan ere ireki dira kanalak. Webgunean Enpresarean proiektuaren berri eman eta berriak nahiz agenda erakusten badira ere, funtsa azoka birtuala da. Horrexegatik eman zaio horrelako garrantzia elkarlanerako txokoari nahiz eAzokari. Horietan modu aktiboan parte-hartzeko izena eman behar da. Gutiérrezen esanetan, antolatzaileen nahia da "elkarren arteko konfiantzan oinarrituko den sare birtual sendoa osatzea euskaraz aritzen diren enpresen artean".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa
ZIGOR ETXEBUAREN HITZAK
Duela hiru hilabete inguru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak hitzarmena sinatu zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka egitea helburu hartuta. Gaur Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak azpimarratu du Enpresareanek bete betean jasotzen dituela Aldundiaren hizkuntza politikaren helburuak: “Aldundiak euskaraz bizitzearen aldeko apustu garbia egina du. Alde horretatik, ekimen aitzindari hau ere akuilu izango da alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko prozesuan: beste urrats bat eremu horretan aurrera egiteko.”
Etxeburuak euskararen balioa nabarmendu du: “Alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeak euskarak bizitza sozialean aurrera egiten laguntzen du. Krisi garai honetan, bestalde, Euskal Herriko merkatuan euskaraz jardutea aukera bikaina da, horrek enpresen lehiakortasuna eta balioa handitzen dituelako. Azkenik, euskarak gure lurraldea batzen duen bezala, enpresen eta eragileen barne egitura ere kohesionatu dezake.”
Donostiako Udala ere lana eta euskara uztartzeko gogoz
JOSU RUIZEN HITZAK
Donostiako Udaleko bozeramaile eta Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruiz pozik agertu da Enpresarean lehen azoka hau Donostian egingo delako: “Donostia ekimen honen aterpe izateaz pozten gara, gure hiria euskararen hiria bilakatzeko bidean baikara, hiri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua daukagu, eta euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea ezinbestekoa da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.”
Ruizek azken egunotan ezagutzera eman diren datu soziolinguistikoak oinarri hartuta, euskararen erabilera indartzeko, bizitzaren alor guztietan egin behar den ahalegina aipatu du, eta lan munduan, enpresa publiko eta pribatuetan euskararen erabilera bultzatzeko ahaleginean, Enpresareanek izan dezakeen balioa azpimarratu du.
Donostian, 2012ko irailaren 24an