2012-09-24 - Enpresarean
Asier Mujika, eskualdeko turismo mahaiaren ordezkariak adierazi duenez, Oarsoaldea garapen agentziaren Turismo sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren laguntzaz, eskualdeko turismo gastronomikoa lantzeko talde bat jarriko du martxan. Talde honen helburua eskualdeko gastronomia eta turismo eno-gastronomikoarekin lotutako establezimenduak sustatzea izango da, horretarako elkarlan publiko-pribatua bultzatuz. Jardunaldia antolatu dute gaur.
Basquetour Eusko Jaurlaritzaren Turismo Agentziak bultzatutako ekimena da hau, eta Euskadi mailan eskualde ezberdinetan ari dira horrelako taldeak martxan jartzen. Horrela, promoziorako erabiliko den Euskadi Gastronomika marka turistikoa sortu da, eta orain Oarsoaldea eskualdeko establezimendu ezberdinek marka hau lortzeko aukera izango dute, hala nola jatetxeak, ostatu espezializatuak, pintxo tabernak, ekoizleak, gaztategiak, sagardotegiak, gozotegiak, industria gastronomikoak, zerbitzu turistikoak, etab.
Oarsoaldeko Turismo Gastronomiko taldean parte hartzeak ez du koste ekonomikorik izango, eta gainera sustapenerako abantaila garrantzitsuak lor ditzakete establezimendu ezberdinek: Euskadi Gastronomika markan parte hartzea, eskualdeko turismo web orrian atal nabarmenduan egotea edota katalogo gastronomikoan agertzea, besteak beste.
Sektoreko enpresei informazio hau zabaltzeko Oarsoaldeak informazio jardunaldia antolatu du gaur, irailak 24, arratsaldeko 17:00etan. Jardunaldia Oarsoaldeak Oiartzunen dituen bulegoetan ospatuko da (Astigarragako bidea 2, Mamut eraikina) eta bertan izango dira Ana Izaguirre, Basquetourreko zuzendaria; Iker Urcelay, Basquetourrko produktu teknikaria; Roke Akizu, Foru Adundiko Turismo zuzendaria; Asier Mujika, Oarsoaldea Agentziako lehendakaria eta Eider Calderón, Oarsoaldeako Turismo zuzendaria.
Eskualdean turismo gastronomikoarekin loturiko establezimendu guztiak jardunaldira gonbidatuak daude, informazio hau zehaztu eta dudak argitzeko balioko duelarik.
Iturria: Euskararekin lanean