Berriakrss

Ipar Kutxako presidentea zendu da

2012-10-03 - Enpresarean

 
Errigoitikoa zen, 68 urtekoa, eta erakundean egindako ibilbide luzeaz gain, euskal abeltzain eta baserritarren sektoreko izen historikoetako bat zen. Juan Mari Orbe Ugalde, Ipar Kutxako Presidentea, bat-batean hil egin da irailaren 28an, kreditu-kooperatibaren gobernu-organorik gorenak Bilbon egin behar zuen bilera batera joatekotan zegoela. Orberen bat-bateko heriotzak berealdiko zirrara eragin du erakundeko bazkide eta langileen artean.Juan Mari Orbe Bizkaiko Errigoiti herrian jaiotakoa zen, eta 68 urte zituela hil da, ibilgailua gidatzen ari zela ondoezik sentitu zenean.Bere profil profesionala, euskal abeltzain eta baserritarren sektorean hazi eta trebatutako langile batena zen, ingurune horrexetan sortu baitzen gaur egungo Ipar Kutxa ere. Errigoitiko baserri batean jaio zen, eta gaztetan Estatu Batuetara abiatu zen bizimodu hobe baten bila. Ondoren, sorterrira itzuli, baserriaz arduratzen hasi eta garai hartako Bizkaiko Baserritarren Kutxa zaintzeari ekin zion, lehendabizi kontu-hartzaile gisa eta Presidente bezala azken urteotan.Orberen agintaldian, Ipar Kutxak garrantzi handiko aurrerapauso estrategikoak eman ditu, Euskadiko Kutxarekiko integrazio-prozesuari amaiera emanez, finantza-sistemaren erronka berriei aurre egiteko asmoz.Bestalde, Juan Mari Orbek bere horretan mantendu zuen abeltzain jarduera, Gernikako San Isidro Kooperatibako presidentea izanik. Alor honetan egindako ahaleginaz, kooperatibaren egoitza instalazio modernoagoak zituen beste kokapen batera eramateko lanak erraztu zituen. Baserria egungo gizarte-dinamiketara egokitzearen alde azaldu zuen kezka biziaren ondorioz, Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE) deritzon abeltzain eta baserritarren elkartearen sorreran ere parte hartu zuen.Ezkonduta zegoen eta hiru alabaren aita zen, eta ezagutu dutenek Orberen izaera ekintzailea, uste sendoak, euskal abeltzain eta baserritarrekiko atxikimendua eta euskararekiko grina nabarmendu dituzte. Goian bego.

Iturria: Euskararekin lanean