Berriakrss

Hainbat eragilek Enpresarean finkatu behar dela uste du

2013-02-13 - Enpresarean

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatuta Enpresarean-en etorkizunaz eztabaidatzeko formatu txikiko saio berezia egin zen atzo arratsaldean San Telmo museoan. Eztabaida saioa Badu Bada erakusketaren baitan antolatu da. Hain zuzen, Enpresarean egitasmoak orain arte egin duen ibilbidearen errepasoa egin eta erreferentziazko gonbidatuekin Enpresareanen etorkizunaz, eta euskarazko produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen arteko elkarlanaz hitz egin zuten partaideek.

Hasteko, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek egitasmoa aurkeztu eta proiektua gaur egun zein egoeratan dagoen azaldu du. Jarraian, lauzpabost laguneko taldetan banatuta ondoko galderei erantzun diete partaideek: 1) Zertan asmatu dugu?, 2) Zertan ez dugu asmatu?, 3) Zer espero duzu aurrera begira?, 4) Zer erantsiko zenioke orain artekoari?

Hausnarketarako tartea emankorra izan zen, horrela egiaztatu zuten partaideek ondorioen tartean. Lehenengo galderari erantzunez, Enpresarean egitasmoa bera abian jartzea nabarmendu zuten eztabaida saiora gerturatutakoek. Gabezien artean, berriz, industria sektoreko enpresa gutxik parte hartu zuela. Etorkizunera begira, egitasmoa “finkatzeko” beharra ikusi zuten, eta horretarako bideak jartzea beharrezkotzat jo zuten. Besteak beste, bestelako instituzio eta erakundeekin (Udalak, Eusko Jaurlaritza, Adegi, Confebask, eta abar) hitzarmenak sinatzea ondo legokeela adierazi zuten. Era berean, sareko azoka indartu behar dela ondorioztatu zuten.

Saioaren amaieran, Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak hausnarketa saioa Enpresareanen etorkizuna marrazten joateko “oso baliagarria” izan zela esan zuen, eta jasotako ekarpenak barneratzeko prozesua hasiko dutela aurreratu zuen.

Gerturatu ziren guztiei eskerrak eman ondoren, ekarpen guztiekin txosten bat osatu eta Badu Badako eztabaida saioan parte hartu zuten guztiei txostena bidaltzeko konpromisoa hartu zuen.