2013-07-05 - David
2003. urteaz geroztik euskara lan munduan txertatzen dabil etengabe Vusa eraikuntza-enpresak: errotulazioa, itzulpenak, langileentzat euskara eskolak, eta abar. Era berean, aipagarria da gizartearekiko duen konpromisoa Ibilaldia edo kirol frogak babesten. Oihana Urrutikoetxea Departamentu Komertzialeko arduradunarekin eta Larraitz Artetxe euskara teknikariarekin elkartu gara sariaz eta enpresaz hitz egiteko.
VUSA Eraikuntzak familia-izaerako enpresa da, 2020an ehun urte beteko ditu.
Oihana Urrutikoetxea: Hala da. Nire aitonak, Valeriano Urrutikoetxeak, sortu zuen. Gaur egun gure lana lau jarduera-eremutan biltzen da, beti ere eraikuntzarekin lotuta: industria-pabiloiak, etxebizitzak, herri-lanak eta urbanizazioak. Berrogeita hamar langile ari gara horretan.
Eraikuntza enpresa euskara plana txertatzen, ez da erronka makala!
Larraitz Artetxe: Horixe da daukagun zailtasunik handiena! Gure sektorean, nahitaez, gaztelerara jo behar izaten dugula maiz. Gurea oso hizkuntza teknikoa da, eta terminologia hori euskaraz erabiltzeko ohitura falta dago.
O.U.: Hori egia izanik, eta zonaldearen arabera, esan beharra dago geroz eta gehiago direla zerbitzua euskaraz eskatzen diguten bezeroak.
Horretarako gaitasuna baduzue. Oker ez baldin banago, 2003 urteaz geroztik ari zarete euskara planak txertatzen, ezta?
O.U.: Hala da, bai. Urte horretan eskuratu genuen Bai Euskarari Ziurtagiria –Euskararen bidean maila dauka enpresak–. Diagnosia egin genuen, estilo liburua ezarri eta euskarazko eskolak ematen hasi ginen langileekin. 2004. urte bukaeran enpresak euskara teknikaria kontratatzea erabaki zuen, eta hori izango da mugarri garrantzitsuenetarikoa.
L.A.: Erabaki estrategikoa izan zen, euskara plana dinamizatzeko aukera eman zuelako: langileei eskolak ematea erraztu zuen, unean uneko itzulpenak egiteko aukera…
Ordura arte VUSAk nolako harremana zuen euskararekiko eta nola aldatu da?
OU: Izugarri aldatu da. Euskara plana txertatzea erabaki genuen arte, langileon arteko komunikaziorako hizkuntza gaztelera zen. Egun euskara txertatzea lortu dugu, gaztelerarekin protagonismo konpartitua den arren. Idatzizkoan etorri dira aldaketa nagusiak, guztia elebitan egiten baitugu.
LA: Orain, lehen ez bezala, lan kontuak euskaraz naturaltasunez jorratzeko kontzientzia zabaldu da. Agian hori da aldaketarik handiena. Baina ez bakarra. Harreran, esaterako, euskara lehenesten da, errotuluetan euskararen presentzia nabarmena da, eta horrek guztiak langileen hizkuntza ohituretan eragin du.
Langileen partehartzea ezinbestekoa da halako prozesuetan. Nola hartu zuten erabakia?
OU: Orokorrean jarrera oso ona izan da. Eskolak jasotzeko prestutasuna agertu zuten, argitaratu beharreko material guztia bi hizkuntzetan idatzi behar dela barneratu dute, euskara gehiago entzuten da…
LA: Bai, baina zenbaitetan konfiantza falta sumatzen zaie; terminologia menperatzen ez dutenean gaztelerara jotzeko tendentzia dago eta. Egunerokoan, eta batez ere ahozko hizkuntzan, aurrerapausoak eman behar ditugu oraindik.
"Bai Euskarari Ziurtagiriak euskalduntze prozesuan bide-orria diseinatzen
eta talde-izaera sentimendua garatzen laguntzen du"
Bai Euskarari Saria akuilu izan daiteke. Nola hartu duzue saria jasotzeko albistea?
O.U.: Oso pozik. Horrelako errekonozimenduak beti hartzen dira gustura, are eta gehiago garai gogorretan, krisi garaian.
LA: Erabat ados, batez ere hasitako bideari jarraipena emateko. Hastea erraza izaten da, mantentzea da zaila. Gainera, inpresioa daukat gauza berriak egin ezean, ez dela egiten duzun lana baloratzen. Ez da justua. Gure lan esparrua Bilbo eta ingurunea da, eta euskaraz lan egitea ez da erraza. Horregatik diot gure zonaldean euskara plana indarrean jarri eta hamar urteren bueltan mantentzeak izugarrizko balioa duela.
Zein bide jorratu beharko lirateke alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera indartzeko?
L.A.: Arlo pribatua euskalduntzea lortzen ez badugu, nekez lortuko dugu gizartea euskalduntzea. Hori esanda, iruditzen zait administrazioek ere badutela zer esana. Bertatik ematen diren pausoak oso garrantzitsuak dira. Adibidez, proiektuak euskaraz aurkeztea ez zaizu burutik pasa ere egiten, horri balioa ematen hasten diren arte. Administrazioetatik euskara lehenesten hasten badira, enpresok norabide horretan urratsak emango ditugu, hori oso argi ikusten dut.
Nola baloratzen duzue esparru horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak egiten duen lana?
LA: Edozein esparrutan euskararen alde urratsak emateko, kontzientziak astindu behar dira, eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lan hori oso ongi betetzen du. Eta ez hori bakarrik, euskalduntze prozesu horretan bide-orria diseinatzen laguntzen du, eta hori oso baliagarria da, galduta gabiltzalako. Talde izaera sentimendua garatzen laguntzen du, eta hori ere inportantea da.
Zer eman dio Ziurtagiriak zuen enpresari?
L.A.: Bidea egiten lagundu digu. Enpresa bakoitzak bere funtzionatzeko modua du, baina bide-orri horrek asko erraztu du gure lana.
Bezero berriak lortzen eragiten al du?
Zonalde euskaldunetan balio erantsia da, eta adibide bat jarriko dizut. Azkoitia -Azpeitia inguruan ez ezazu iragarki bat gazteleraz jarri, ez duzu etxerik salduko. Zonaldearen arabera eragina handiagoa edo txikiagoa da.
Eta zein da zuen enpresak euskarari egiten dion ekarpenik handiena?
OU: Egunerokotasunean euskara txertatzen ahalegintzen gara, eta neurri apalean bada ere, gure hondar alea jartzen dugu euskarari beste arnasgune bat emateko. Eraikuntza sektorean euskararen presentzia txikia da oso, eta gure ahaleginak balio badu euskarari bere lekutxoa egiteko, nahiko pozik geundeke.
"Proiektuak euskaraz aurkeztea ez zaizu burutik pasa ere egiten,
administrazioak horri balioa ematen hasten diren arte"
http://baieuskarari.org/?op=3&show=9&id=148