Berriakrss

Enpresarean jardunaldiaren egitaraua ezagutzera eman da Arrasateko Polo Garaian

2013-09-19 - Enpresarean

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako negozioak egiteko hitzordu azkarren saioa izango da. Enpresa ezberdinetako kideak elkarrekin mintzatuko dira 10 minutuz bakoitzak dituen beharrei eta eskaintzei buruz; xedea: proiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. Izena emateko epea irekita dago jada www.enpresarean.org helbidean.

“Enpresarean 2013” jardunaldiaren aurkezpena egin dute gaur Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Jardunaldia Arrasateko Udalak eta Laboral Kutxak babesten dute.

Saioa urriaren 31an egingo da Polo Garaia berrikuntza gunean, eta bertan euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bilduko dira, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezek honela azaldu du “Enpresarean 2013” jardunaldiaren helburua: “Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi dutenei elkarlanerako gune bat eskaini nahi zaie. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, proiektu enpresarial berriak sortzeko, euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du.”

Egitaraua

Saioa goizeko 10:00etan irekiko da eta enpresa bakoitzak aurrez berak hautatzen dituen beste enpresekin elkartu eta nahi adina bilera azkar egiteko aukera izango du eguerdira bitartean. Goiza osatzeko, enpresa, sarea eta euskara hizpide hartuta Maria José Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidearen hitzaldia ere izango da.

“Enpresarean 2013” negozioetarako hitzordu azkarren saioan parte-hartzeko izena emateko epea urriaren 3ra arte egongo da irekita. Behin parte hartu nahi duten enpresen zerrenda osatu ostean, izena eman duten partaideen zerrenda-katalogoa bidaliko zaie enpresa guztiei, bakoitzak norekin elkartu nahi duen galdetzeko. Enpresa bakoitzak izan nahi dituen bilerak aukeratzen dituenean (urriak 17 baino lehen), sistema informatiko bidez, Enpresarean 2013 fast-dating saioan egitaraua osatuko da eta urriaren 24an enpresa bakoitzari bere fast-dating programazio pertsonalizatua bidaliko zaio.

Enpresek astebeteko epea izango dute fast-dating saioko bilerak prestatu eta negozio berrietarako estrategiak diseinatzeko. Urriaren 31ko egitekoa, ideia eta proiektu berriak martxan jartzea. Hauxe da eguneko egitaraua:

9:15. Harrera

9:30– 10:00. Sarrera instituzionala (Ziurtagiriaren Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrasateko Udala)

10:00–11:00. Hitzaldia: Maria José Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidea 

11:00–12:00. 1. fast dating saioa (negozio aukera berriak irekitzeko edota proiektu berriak martxan jartzeko)

12:00–12:30. Atsedena/ Kafea

12:30–14:00. 2. fast dating saioa

14:30. Bazkaria

Enpresarean, 2010etik datorren proiektua

Enpresarean 2010ean sortutako proiektu bat da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lideratzen duena. 2010eko azaroan Euskalit-en Astean “Enpresarean jardunaldia” izenburupean, euskara, sarea eta enpresak lotzeko saioa egin zen eta proiektua aurkeztu zen, hasieran hartan Facebook-eko orrialde batean oinarrituta. 2011tik aurrera proiektua ezagutzera eman zen, Bai Euskarari-ren egitura erabiliz. 2012ko ekainean hitzarmena sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta 2012ko urriaren 2an euskaraz lan egiten duten eta produktu zein zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen arteko lehen azoka egin zen Kursaalen. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen saioak. 100 enpresa ingurutako 200 bat ordezkarik hartu zuten parte azokaren lehen edizioan, eta Streaming bidez 1.500 pertsona inguruk jarraitu zuten saioa. Horrexegatik, proiektua indartuta, aurrera egitea erabaki zen, ez formatu fisikoan soilik, baita sarean ere.

eAzoka eta elkarlanerako txokoa

Enpresarean proiektua badu isla Interneten ere. Ahalegin handia egin da euskaraz lan egiten duten sare birtuala osatzeko, enpresarean.org webgunearen bidez. Plataforma hau dinamismo handia ari da hartzen azken aldi honetan, egunero daude sarrera berriak eta etengabe eguneratzen da. Uneotan 180 enpresak eta 200 profesional inguruk hartzen dute bertan parte.

Webgune honetako elkarlanerako txokoaren bidez Enpresarean proiektuaren parte diren enpresek nahiz profesionalek euren zerbitzu, produktu, proiektu edota beharrean berri ematen dute, euren arteko elkarreragina bilatuz eta euskarazko enpresen sarea informazio esanguratsuz elikatuz.

Hori guztia zabaltzeko gainera Facebook eta Twitter erremintak erabiltzen ditugu, eta hala, Enpresarean proiektuan izena emanda ez dauden erabiltzaileengana ere iristen gara.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak babesa eman dio Enpresaran proiektuari hasieratik eta GFAren eta Ziurtagiriaren Elkartean arteko “lankidetzaren gauzapen zehatza” dela azpimarratu du gaurko prentsaurrekoan Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Bere hitzetan, Enpresarean azoka “mugarria izateaz gain, ekimen beharrezko, interesgarri eta garrantzitsua da, esplizitu egiten duelako gizartearen aurrean, euskararen eta arlo sozioekonomikoaren arteko lotura”.

Euskara zuzendariaren aburuz, urriaren 31ko jardunaldia une egokian dator, “Gipuzkoako 40 erakundek baino gehiagok zerbitzuak kontratatzeko hizkuntza irizpideak onartu ditugunean”. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat fast-dating saioak arrakastatsuak izango dira “enpresen arteko harreman komertzialak eragingo dituelako, eta hornitzaileak topatzea erraztuko duelako”.

Amaitzeko, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea zoriondu du eta enpresak gonbidatu ditu Enpresarean 2013 jardunaldian parte hartzera.