2013-10-02 - Enpresarean
Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina aldiz hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Egitasmoa guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna euskaraz dakien eta hainbat arrazoi tarteko euskaraz egiteko aukera ez duen orori mintzapraktika egiteko aukera ematen dion euskalduna da, eta, bidelaria, berriz, euskara ikasi nahi duen ikaslea.
Mintzanet proiektuak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunei zein Euskal Herrian bertan daudenei euskaraz jardun ahal izateko doako aukera ematea du helburu hasiera-hasieratik. Hori bai, normala den bezala, elkarren arteko komunikazio bermatzeko gutxieneko euskara maila bat izatea lehenesten da betiere.
Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz aparte, bestelako ondorio positiboak ere baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.
Funtzionamenduari dagokionean, erabiltzaileak galdetegi bat bete behar du, egitasmoaren koordinatzaileak euskara ikaslearen aukerak, maiztasuna eta ohiturak ezagutu ahal izateko eta egokituko zaion solaskidea ahalik eta hoberen aukeratu ahal izan dezan.
Izen-ematea: www.mintzanet.net –en