Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatuta, “euskaratik eta euskaraz” lan egiten duten enpresen jardunaldia izan da Polo Garaia berrikuntza gunean. Hitzordu azkarren bitartez, enpresa bakoitzak bere behar eta eskaintzak banatu ditu besteekin.
K.C.- 2013/10/31
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako negozioak egiteko hitzordu azkarren Saioa egin da gaur, eguena, Polo Garaia berrikuntza gunean. Enpresa ezberdinetako kideak elkarrekin egin dute berba 10 minutuz bakoitzak dituen beharrei eta eskaintzei buruz; helburua, proiektu enpresarial berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz.
Mikel Navarro eta Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kideen hitzaldia, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren edota Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariaren aurkezpenak; Laboral Kutxa, Fremap, Elduaien Hizkuntza Eskola, Berria Taldea edo Elhuyarrek parte hartu duten bilera azkarrak eta gehiago izan dira jardunaldian.
40 enpresa baino gehiagotako ordezkariak elkartu dira Polo Garaia berrikuntza gunean egin den Enpresarean 2013 hitzordu azkarren saioan. Bertan, euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bildu dira, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.
Saioa goizeko 10:00etan ireki da, sarrera instituzionalaren ostean, eta enpresa bakoitzak aurrez berak hautatzen dituen beste enpresekin elkartu eta nahi adina bilera azkar egiteko aukera zian du eguerdira bitartean. Goiza osatzeko, enpresa, sarea eta euskara hizpide hartuta, Maria José Aranguren eta Mikel Navarrok Euskal Autonomi Erkidegoko Lehiakortasuna: Etorkizuneko Ekoizpen Eraldaketa izenburua zeukan hitzaldia eman dute.
Arrasateko Udala hizkuntza eskubideekin
Arrasateko alkatea Inazio Askarragaurizar pozik agertu da Enpresaren 2013 bilera azkarren saioa Arrasaten izanagatik. Arrasate enpresen eta industriaren alorrean ez ezik, “hizkuntzarenean ere lehen postuan jarri nahi dugulako”, adierazi du. “Herri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua daukagu eta euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea ezinbestekoa da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko”, gaineratu du Azkarragaurizarrek.
Euskararen normalizazioan erakunde publikoen eginkizunaz mintzatu da Arrasateko alkatea. Bere iritziz, etorkizunean “beste pauso bat haratago eman behar dugu. Orain arte herritar elebakarren hizkuntza eskubideak errespetatu ditugu, herritar elebidunekin hainbatetan huts eginez. Hutsune horrekin jabetuta, bada garaia herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, herritar elebakarrenak eta herritar elebidunenak”, esan du.
2010ean sortutako proiektua
Gutiérrezek azaldu moduan, Enpresarean 2010ean sortutako proiektu bat da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lideratzen duena eta 2012an jauzi kualitatiboa eman zuena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker. Horren bitartez, Enpresarean Azoka antolatu zen Donostiako Kursaalean eta arrakasta handia izan zen. Azoka bi urtetik behin antolatzeko asmoa dago eta beraz, hurrengoa 2014an izango da. Aurten, www.enpresarean.org plataforma dinamizatzen, bertako elkarlanerako txokoa osatzen eta egitasmoa aberasteari begirako proiektu berriak lantzen izan direla azaldu du Gutiérrezek. Horrekin batera, gaurko jardunaldia antolatu dute eta berau, gainera, Euskaliten XIX. Europar Astearen egitarauaren barruan dago kokatuta.