2014-01-09 - David
Gemma Zelaia ekintzailearen begietatik ekintzailetasuna sustatzen ari da, eta horrek lanerako bide berriak irekitzen dizkio. Euskal Herriko emakumeen ideiekin sare bat osatu nahi du orain
Womansarea lehiaketaren sustatzailea da Gemma Zelaia (Tolosa, 1983). Lehiberriko haztegietan lanean ari den ekintzaileetako bat da bera, eta emakume ekintzaileei egitasmo aitzindaria eskaini nahi die. Ideia berritzaileak sei orritan garatu beharko dituzte lehiaketan, eta hilaren 23ra arteko epea izango dute.
Euskal Herritik Europara begirako egitasmoa martxan jarri duzu.
Bai. Egitasmoa nahiko aitzindaria dela uste dut, izan ere, antzeko gauzak badira Lanbiden eta halakoetan, baina beste ildo batetik doaz.
Nolatan hasi zinen proiektuarekin?
Urrian onartu ziguten egitasmoa da, eta izen hori aukeratu nuen. Nazioarteko ikuspegia du, eta pixkana-pixkana lehiaketa formatua hartu du azkenean. Pasa den azaroaren 4an lanak aurkezteko epea ireki genuen eta hilaren 23an itxiko dugu. Horrela, Euskal Herrian bizi diren 18 urtetik gorako emakumeek aurkeztu ahal izango dituzte lanak.
Bertakoen lanak bilduko dituzue, beraz.
Bai. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik interesa azaldu dute lanak aurkezteko, eta orain Ipar Euskal Herria dinamizatu nahian ari naiz, ea jendea animatzen den.
Zer egin beharko dute, zehazki, parte hartzaileek?
Oso- oso erraza da aurkeztu beharrekoa. Beste hainbat erakundek ekintzaileentzako antolatzen dituzten lehiaketetan bideragarritasun planak edo enpresa-planak aurkeztu behar izaten dira, baina hemen ez. Lehiaketa honek sustatzen duena da, enpresa- egitasmoak aurkezterako garaian ere hausnarketa bat egitea. Azken finean, neroni ere hausnartzeko bideak ireki dizkit antolakuntzan arituta, eta lanak aurkeztu dituztenei hausnarketa bat eskatu die, ideia berritzaileak ekartzearekin batera.
Erantzun ona jaso al du oraingoz?
15-20 proiektu inguruk interesa azaldu dute oraingoz; hori bai, ez dakit gero horiek guztiak aurkeztuko dituzten. Baina hasiera ikusita, behintzat, oso itxura ona du. Lehiaketaren oinarrien arabera, asko jota, 10 sari banatuko lirateke, baina kontuan hartu beharko dira iristen diren proiektuak, eta horietako bakoitzaren kalitatea.
Nola ebaluatuko dituzue, bada, lanak?
Bi irizpide-mota jarri ditugu. Batetik, proiektu hori aurkezten duten hautagaien gaitasuna baloratuko dugu ekintzailetasunaren aldetik, eta baita beren esperientzia ere. Halaber, aurkezten duten egitasmoari begiratuko diogu, noski: zein oihartzun duen, balio erantsirik eskaini ote dioten, nori zuzendutakoa den eta zer nolako arazoei erantzuten dieten.
Eta lan osatuenak aurkezten dituzten ekintzaileek izango dute saririk?
Bai, sari banaketa urtarrilaren 31n izango da. Egia da jende askok galdetu didala, lehiaketa honen atzetik zer egongo ote den. Lehenengo fasea lehiaketa bidez ezagutarazi duguna izango da, eta saridunek Bruselako parlamentuko Emakume- ekintzailetasuna krisi-testuinguruan: Euskal Herriaren kasua izeneko konferentzian parte hartzeko aukera izango dute. Orain estatu mailako hizlariekin harremanetan ari naiz, eta bospasei laguneko aditu-taldea nirekin etorriko da. Bide beretik. lehiaketako irabazleak ere etorriko dira.
Bruselara joateak ateak irekiko dizkie aurkeztutako proiektu horiek gauzatzeko?
Baietz esango nuke, eta hori da hain zuzen egitasmoaren kutsua. Proiektu irabazleak ez du ordainsaririk jasoko, baina ateak irekiko dizkiegu eta beren proiektua ikustarazteko aukera izango dute. Horrela, kontaktu sarea zabaltzeko aukera izango dute, eta sinergiak sor daitezke, izan ere, inoiz ez da jakiten sareak nola sor daitezkeen.
Europako beste herrialdeekin ere harremana sor daiteke, ezta?
Hori da. Parlamentuko batzordeekin harremanetan jarri naiz, eta bertaratzeak ikuspegi zabalago bat ere eskainiko die, Finlandia nahiz Greziako ereduak ezagutu, esaterako. Horrela, guk gure historia eta bizipenak kontatzearekin batera, beste herrialdeetako errealitatearen berri ere izango dugu. Eta hori zergatik? Azken finean lehen pausoa hori delako: harremanak egitea. Bakardade horretan lan egin nahi ez dutenei begira antolatutako egitasmoa da. Proiektu bat martxan jartzerakoan, askotan dirua ez da gakoa izaten; egia da ideiaren araberakoa dela, baina norberak dituen kontaktu- sareak indar handia ematen du.
Egiazki, eta izenburuari jarraituz beraz, lehiaketaren helburu nagusia hori da.
Noski, hortik doa ideia. Martxoa inguruan joango gara Bruselara, inauterietako azken egunetan edo justu ondoren.
Sare horiek sortzen laguntzeko hutsune bat al dago?
Honen antzeko gauzak badaude, baina beste modu batera landuta, eta ekintzailetasun zerbitzu batek eman beharko lituzke aurrera, horrelako egitasmoak. Nik ez diot uko egiten horrelakoak antolatzeari, eremu askotan aritzen baikara. Gainera, ni ere ekintzaile izanik, asko asetzen nauen proiektu bat da. Baina bai, Lanbiden edo bestelako erakundeetan ez dago epe ertain edo luzera begirako plataformarik-edo, zure enpresa-sarea osatu eta aurrera eramateko.
Ideia nolatan sortu zitzaizun?
Europa mailan zer nolako programak eta laguntzak dauden ikusi nuen, eta egitasmo bat bazegoen emakumeei zuzenduta. Aukera bat zen prestakuntza saio batzuk antolatzea, Bruselaraino joan beharrik gabe, baina finean, sustatzen ari naizenaren filosofia nire filosofia ere bada, eta horregatik otu zitzaidan guztia. Ekintzailetasuna negozio huts bihurtu dela iruditzen zait bai garapen agentzietarako, bai ikastetxeetarako... Dirua, dirua eta dirua jasotzen ari dira, baina diru horrekin ez dituzte dinamika berritzaileak sortzen eta ekintzaileak enpresa dirurik gabe jartzen du. Erakundeak ere dirua jasotzen ari dira, eta sortu nahi duten enpresa motaren arabera, dirua behar dute ekintzaileek. Hor hutsune oso handia ikusten nuen. Eskualde mailan ere, lau ekintzaileren sare bat ere ez dago.
Ekintzailetasunaren beste aurpegi bat plazaratu nahi duzu zuk.
Bai. Ekintzailetasun teknikariek-eta bestelako filosofia bat dute, edo bestelako lan-metodologia. Eta nik zorte hori badaukat, horretan sinesten dudalako eta hori guztia antolatzeko aukera dudalako. Beraz, saria Bruselarako txartela den arren, parte hartuko duten guztiek izango dute saria, sare horren zati izatera pasako baitira. Antolatzen ari naizen bitartean, gainera, esparru honetan dauden beharrak ere jasotzen ari naiz, eta hori guztia bideratu egin beharko dut pixkana.
Lahiaketa emakumeei zuzentzea lotuta al dago oraindik ere enpresa munduak sarri izaten dituzten zailtasunekin?
Emakumeei zuzendu diet, sustatzailea Bizzia-ko emakume ekintzailea delako, eta gizarteko errealitatean argi ikus daitekeelako, ekiteko garaian hainbeste aipatzen den berdintasunik ez dagoela. Lanbidek ere badu emakumeen foro antzeko bat, baina nire ustez emakumeen aurreikuspenak ez ditu betetzen. Eta esango nuke Europara begira ere nahiko aitzindaria dela Womansarea; Bruselan ere aurrera begira proiektuak bere bidea baduela uste dute, gainera. Ikusiko dugu, beraz
Sari banaketan ere egitasmoak ezagutzeko aukera izango da ezta?
Aurkezpentxo bat egingo dugu ekitaldian, eta saritutako proiektuak nondik nora doazen azalduko diete sarituek, bai epaimahaikideei eta baita bertaratutako jendeari ere.
Aurrera begira ideia honi jarraipena ematea pentsatu duzu?
Bigarren fase batekin pentsatzen ari naiz, ikusten dudalako jendeak jarraipen bat ematea nahiko lukeela. Behar bada interesgarria da bi hilabetez behin zerbait antolatzea, eta formatuak aztertzen ari naiz. Baina argi dago indarra baduela.
ataria.info/tolosa/1389268627640