Berriakrss

Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak webguneetako edukia entzuteko teknologia garatu du

2014-04-03 - David

www.sustatu.com

Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak, EHUko Aholab taldearekin elkarlanean, ahots-sintesi bidez webguneak entzuteko teknologia garatu dute berriki. Teknologia hori aplikatu da dagoeneko Elhuyar Aldizkariko webgunean eta zientzia.net-en. Horiek horrela, erabiltzaileek aukera izango dute webgune horietako edukiak euskaraz molde naturalean entzuteko.

 

 

Ahots-teknologietan gaur egun lortu den aurrerapen-maila teknologiaren eta hizkuntzaren araberakoa da. Nahiz eta ahots-ezagutzan oraindik badagoen zer hobetua hizkuntza guztietan, ahotsaren sorkuntza naturalean oso emaitza onak lortzen dira; baita euskararentzat ere. Aholabekin elkarlanean, Elhuyarrek Aholab-en ahots sintetikoa webguneetan integratzeko teknologia hau garatu du, eta Elhuyar Aldizkaria eta zientzia.net webguneetan aplikatu.

Artikulu, albiste eta erreportajeak entzutean, erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute gizonezkoaren edo emakumezkoaren ahotsarekin entzun nahi duen. Gainera, esaldiz esaldi edo paragrafoz paragrafo nabigatu eta entzuteko aukera ematen da. Halaber, aldizkariko zenbaki bateko artikulu guztiak segidan entzuteko aukera ere eskaintzen da. Eta elkarrizketetan, haria hobeto jarraitu ahal izateko, testu nagusirako aukeratutako ahotsa ez bezalakoan irakurtzen dira galderak. Eta guztia HTML5 teknologia estandarrarekin garatua dago.