2014-04-15 - David
Ttalaka Kultur Elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte donostiarra da. Elkartearen helburua euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzea da, teknologia berrien laguntzarekin. Eta sarea astintzen ari dira, euskarak zein euskal kulturak bertan duten presentzia eta kontsumoa areagotzeko. Euskontu adibide bat baino ez da.
Aisialdia euskaraz disfrutatzeko aukera ematen duen plataforma da Euskontu. Produktuak eta zerbitzuak euskaraz garatzen dituzten enpresen eskaintzak jasotzen dituzte, beherapenarekin. "Gustuko duzun hori eskaintzen dugu, beti ere euskaraz eta gainera beherapenarekin", horrela laburtu digu egitasmoa Arkaitz Sukuntza, Euskontuko kideetako batek.
Kontzertuak, jatetxeak, kirol eskaintzak, era guztietako ikuskizunak, moda, osasuna eta estetika, asteburu pasak eta abar, euskaraz. Ezaugarri horrek bereizten du Euskontu antzeko beste plataformetatik. "Gure konpromisoa da negoziatu ezin den baldintza. Gure erosleek euskaraz kontsumitzen dituzte gure produktuak".
Izan ere, euskararen normalizazioan eragitea da Euskonturen helburuetako bat. "Euskaraz bizi nahi dugu, gure hizkuntza sustatzeari garrantzi handia ematen diogu, eta normalizazio prozesuaren parte izan nahi dugu", berretsi du Euskontuko kideak. Haratago doaz, "enpresek euskararekiko duten konpromisoa bermatzen dugu".
Erosleak eta enpresak
Erosleak eta enpresak, enpresak eta erosleak. Horixe da Euskonturen xede publikoa. Iragarkiak egiteko erreminta berritzailea da, "negozioak ezagutarazteko eta bezero berriengana iristeko tresna da gurea, gasturik ez duena. Eskatzen diegun gauza bakarra eskaini nahi duten produktu edo zerbitzua definitzea da".
Erosleek, berriz, Euskontun harpidetu baino ez dute egin behar. Edo Facebook zein Twitter sare sozialetan Euskontu jarraitu. "Bertan jasoko dituzte gure eskaintza guztiak; gustuko dituzten horiek aukeratzea, horixe da egin beharreko bakarra".
Zailtasunak zailtasun, "oraindik ere kosta egiten delako 0ean produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten negozioak aurkitzea", badoaz aurrera. Gainera, Euskontuko diru-sarrerak Ttalaka Kultur Elkarteko jarduna finantzatzera bideratzen dira.
Momentu honetan, buru-belarri dabiltza www.ttalaka.org webgunearekin. Bertan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroan euskaraz burutzen diren ekintza kulturalen inguruko informazio guztia biltzen ahaleginduko dira. Ttalakaren helburua euskara eta euskal kultura sustatzea baita.
http://www.baieuskarari.org/bai/202-euskontu-beherapenak-euskaraz