2014-05-27 - Enpresarean
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak arlo soziekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu eta Enpresarean-en bitartez urrats esanguratsuak egin ditu. Lansarean.org helburu horretan bidea egiteko tresna berria da. Lansarean.org-en, enpresek beren lan-eskaintzak jarri ahal izango dituzte; lan bila ari diren profesionalek, curriculum-ak igo eta lan-eskaintzetan izena eman ahal izango dute. Azken asteotan proba-fasean egon da eta 250 curriculum baino gehiago daude dagoeneko.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak orain dela aste gutxi batzuk jarri zuen martxan LANSAREAN. Dagoeneko proba-fasea gainditu dugu, eta gaurtik aurrera erabat operatibo egongo da, 0ean erabilgarri. Bilbon egin dugu goizean ekimenaren aurkezpena, Euskal Ekonomisten Elkargoaren egoitzan. Bertan eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta Jabi Asurmendi Bitarlan informatika enpresako kideak.
Aurreneko fasea gaindituta oso gustura gaude erabiltzaile kopuruarekin. Dagoeneko 250 erabiltzaile eta curriculum baino gehiago baititu eta tresnak oso harrera ona izan baitu, hautagai zein enpresen artean.
Baina, zer da LANSAREAN?
Lan-atari bat da, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera erraztuko duen lan-ataria:
- Alde batetik, enpresek euren lan-eskaintzen berri zabaldu ahal izango dute. Hautaketa-prozesuak kudeatu ahal izango dituzte eta eskaintzen dituzten lanpostuetarako hautagaiak aurkitu ahal izango dituzte.
- Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen lan-‐eskaintzen berri izan eta horietan izena eman ahal izango dute.
LANSAREAN erreminta berriak Bai Euskarari eta Enpresarean proiektuak indartuko ditu, balio erantsi handiko zerbitzua gehituz eta euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta pertsonen arteko harremana sustatuz.
- Gero eta gehiago baitira euskara euren egunerokotasunean txertatzen ari diren enpresak, eta horiei begira, erraztasunak eta zerbitzu berriak eskaini nahi ditugu...
- Lansarean edo Enpresarean bezalako proiektuekin erakusten ari gara euskara-enpresa bikoa uztartzea bideragarria dela.
- Euskara ekonomia garapenarekin, lehiakortasunarekin edo berrikuntzarekin lotzen ari gara.
Lan munduaren egoera irauli eta eraldatuko badugu, denok jarri behar dugu gure hondar-alea [enpresek, lanean ari diren pertsonek, administrazioek...].
Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago dituzue albiste honetan.