2014-07-16 - Enpresarean
Bilboko Euskalduna jauregian Stirling teknologiari buruzko 16. Nazioarteko Kongresua ospatuko da irailaren 24, 25 eta 26an. Hiru egunetan efizientzia energetikoari eta teknologia “berdeei” buruzko ezagutza eta aplikazioak konpartituko dituzte. Efizientzia energetikoa eta energia berritzaileari aplikaturiko Stirling teknologiaren mundu mailako elitea batzartuko da hirian.
Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariez gain, Paul Verhoef, Energia Berri eta Berritzaileen Europako Komisarioa, eta Carlo M. Bartollini, Stirling Internationaleko Presidentea ere bertaratuko dira. Mundu akademiko, zientifiko eta industrialetik datozen pertsona ugari ere bertan izango da.
Kongresua Mondragon Compenentesek eta Centro Stirlingek antolatzen dute; azken hau, etxera begirako energia sorkuntza eta honen erabilera efizientera bideraturiko produktuen garapen eta ikerketarako bikaintasunezko euskal zentroa da.
30 herrialdetako 80 aditu
Centro Stirlingeko Zuzendari den Javier Arancetaren hitzetan, “hiru egun hauetan zehar gurekin izango ditugu 5 kontinenteetako 30 herrialde desberdinetatik etorritako 80 hizlari baino gehiago”. Ekitaldian gai desberdinak landuko dira, biomasa, biogasa, geotermia, solarra eta kogenerazioa bezalako aplikazio berriztagarriak; eta hozte-sistemak, edota bero-ponpak, termodinamika… Gaur egun, energia garbiago eta eraginkorragoak eskuragarri izateko beharrak bultzada berria eman dio eskala txikian sorturiko energia banaketa kontzeptuari. Horrela, kanpo konbustioaren inguruan dauden teknologiak eta Stirling teknologiak dimentsio berria irabazi dute.
Jarduera programa zabala izango da kongresuan, eta bertaratutako enpresa nahiz entitateentzat aukera “paregabea” izango da mundu mailako profesional eta erakunde espezializatuen arteko ezagutza teknikoa elkartrukatzeko.
Aeroespaziala bezain exigenteak diren sektoreetan aurki dezakegu gaur egun Stirling teknologia, NASA eta alor militarreko aplikazioetan, besteak beste. Kongresu hau bezalako ekitaldien helburua izan ohi da teknologia hauek gertuagokoak zaizkigun aplikazioetara hurbiltzea, kontsumo edo industria merkatuak kasu.
Informazioaren iturria: TUlankide.com