"Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean eskuartean dugun Enpresarean proiektuaren zati bat da azoka. Hor dago www. enpresarean.org plataforma, enpresa eta profesional euskaldunak batzen dituena. Askota- riko ekimenen bidez, urtean behin behintzat, sare hori osatzen dutenei aurrez aurre berba egiteko aukera eman nahi diegu, eta hor kokatzen da azoka", dio Elkarteko zuzendari Roberto Gutierrezek. Modu horretan, enpresen arteko elkarlana bideratu eta proiektu enpresarial berrien sorrerari bide eman gura diote.
Euren burua aurkezteko aukera
Euskaraz lan egiten duten enpresei; euskararen inguruko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituztenei eta euskarazko ekimen enpresarial bat abiatu gura dutenei dago zuzenduta azoka. Gutierrezen hitzetan, Elkartearen helburuetan dago alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea: "Proiektu honekin, zuzenean ari gara eragiten euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin".
Bigarren edizio honetan, Euskal Herriko enpresek etorkizunean dituzten erronkak izango dira azokaren ardatz. Horretarako, mahai-inguruak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira, eta berauetan, askotariko enpresa eta erakundetako ordezkariek euren esperientziak partekatuko dituzte. Gai nagusiari, hau da, etorkizuneko erronkei, ikuspuntu ezberdinetatik helduko diote. Hala, besteak beste, merkataritza elektronikoaz egingo dute berba; baita formazioan dauden erronken inguruan ere.
Gura duten enpresek, gainera, euren negozioen berri emateko aukera ere izango dute. "Aurkezpen laburrak izango dira, hiru minutukoak, eta enpresek euren ideien berri emateko edo elkarlana bilatzeko erabiltzea gura dugu", dio Gutierrezek. Enpresen arteko hartu-emanak sustatzeko, bazkaria egoteaz gain, areto nagusitik aparte egongo den beste areto bat ere atonduko dute. "Horrela, enpresetako ordezkariek, hala gura badute, jardunaldian zehar ere izango dute hitz egiteko txokoa", azaltzen du elkarteko zuzendariak.
Izena emateko, bi epe
Izena emateko, bi epe daude: azokan euren negozioen berri eman gura duten enpresek urriaren 10a dute izena emateko azken eguna; gainerakoek, urriaren 17a. Izena emateko, www.enpresarean.org webgunean dagoen galdetegia bete behar da.