2014-10-15 - Enpresarean
Rober Gutiérrezi egin diote elkarrizketa Mondragon Korporazioaren TU Lankide aldizkarian. Webgunean ere jarri dute elkarrizketa. Hemen duzue irakurgai:
Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronkak aztertuko ditugu eta MONDRAGON Korporazioko kooperatibek zeresan handia izango dute etorkizun horretan
2014/10/15
Urriaren 23an egingo da Donostiako Kursaalen Enpresarean azoka eta dagoeneko prest dago jardunaldiaren egitaraua. Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronken gaineko hausnarketa irekia eta aberatsa egingo da, hainbat solasaldi eta aurkezpen arinetan. Azokaren gaineko azken xehetasunak eta nondik norakoak azaldu dizkigu Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak.
Ezer baino lehen, Rober, zer da Enpresarean azoka?
Bai Euskarari elkarteak hausnarketa sakona egin du azken urteotan eta erronka estrategiko berriak ezarri dizkiogu gure buruari. Arlo sozioekonomikoan eragin nahi dugu, Euskal Herriko enpresa sare zabal eta anitzean zeresana dugula uste baitugu, eragile gisa, kalitatean eta euskaraz lan egitera sustatuz gure bazkideak. Eta horren bidetik Enpresarean proiektua sortu genuen eta, bere barruan, lan-jardunaldi edo azoka bat egitea erabaki genuen, enpresa errealitate ezberdinak batzeko eta elkarren arteko ezagutza areagotzeko. Hori da jardunaldiaren helburua, enpresa munduan hain beharrezkoa den elkarlana bultzatzea.
Euskal Herriko arlo sozioekonomikoa etorkizunera begira dago, bidegurutzean, eta urriaren 23an antolatu duzuen jardunaldian, erronka nagusiak mahaiaren gainean jarriko dituzue, ezta?
Urriaren 23ko ekitaldiak balioko du errealitate ezberdinak ezagutzera emateko. Era berean balioko du adituen hausnarketak entzuteko eta, era berean, proiektuak elkarrekin aurrera ateratzeko eta aliantzak sortzeko balio beharko luke. Oso aberasgarria izaten da enpresek eta profesionalek elkar ezagutzea. Horri begira sortu zen Enpresarean proiektua eta bi urtean behingo azokarekin elkarlan hori sustatu nahi da, Euskal Herriko enpresek eta pertsonek etorkizun oparoagoa izan dezaten.
Mahai-inguruak, aurkezpenak, solasaldiak, erakustaldiak... askotariko egitaraua prestatu duzue.
Halaxe da, bai. Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronkak izango dira aztergai egunaren lehenengo mahai-inguru nagusian. Gaindegiko Imanol Esnaola, Laboral Kutxako Josu Arraiza, Lea Artibaiko Garapen Agentziako eta Azaro Fundazioko Ainara Basurko, M. Claire Sallaberry, Herrikoako zuzendaria, eta ADEGIko Xabier de la Maza izango dira mahaiaren bueltan. Bigarren mahai-inguruak gai konkretuago bat aztertuko du, komertzio elektronikoa eta bezero berriak lortzeko estrategiak. Eta honako adituek parte hartuko dute: Bitarlaneko Jabi Asurmendi, Codesyntaxeko Gari Araolaza, Nolatan eta Ideatecako Iruri Knorr, Mikel Aranburu Euskal Herriko plazakoa eta Arkaitz Sukuntza Ttalaka eta Euskontu proiektuetakoa.
Gainera, 3D inprimagailu bat lanean zuzenean ikusteko aukera izango da, Irudiren bitartez, eta Euskal Herriko hainbat esperientzia arrakastatsu bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu. Eguneko azken mahai-inguruak formazioan jarriko du fokoa, eta bertan, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko, Hetel, EHU eta Deustuko ordezkariak izango dira.
MONDRAGON Korporazioak ordezkaritza zabala izango du, batez ere finantza eta ezagutza dibisioetako ordezkariak izango dira Kursaalen.
Bai, hala da. MU eta Azaro Fundazioa egongo dira ordezkatuta, biak ere ezagutza dibisiokoak, eta Finantza arloko Laboral Kutxa. Enpresek behar dituzten finantzazio iturrien inguruan arituko da Laboraleko Josu Arraiza. Baina uste dugu ekitaldia edozein enpresarentzat dela interesgarria eta aprobetxatu nahi dut gonbidatzeko Korporazioko enpresa eta berrikuntza arloko erakunde guztiak.
Interesatuek non eskuratu dezakete informazioa?
Hor dago www.enpresarean.org plataforma, enpresa eta profesional euskaldunak batzen dituena. Bertan aurki daitezke Enpresarean jardunaldiaren gaineko zehaztasun guztiak eta egitaraua. Oso gustura hartuko ditugu Korporazioko enpresak, izan ere, gure helburua da alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea. Gure egunerokoan eragina duten espazio guztietan euskarari lekua egitea estrategikoa baita. Proiektu honekin, zuzenean ari gara eragiten enpresaren eremuan euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin.