2014-10-21 - Enpresarean
Datorren ostegunean, urriak 23, egingo da bigarren Enpresarean Azoka Donostiako Kursaalen. Han bilduko dira 70 enpresatik gora, hemengo enpresen eta profesionalen etorkizuneko erronkez hausnartzeko eta harremanak estutu, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.
Hori izango da solasaldi nagusiko gaia. Gai horren bueltan, beste zenbait solasaldi, erakustaldi eta mahai-inguru egingo dira, eta berauetan, askotariko enpresa eta erakundetako profesionalek euren esperientziak partekatuko dituzte. Gai nagusiari, hau da, etorkizuneko erronkei, ikuspuntu ezberdinetatik helduko diegu. Hala, besteak beste, merkataritza elektronikoaz hitz egingo da (plataformak, softwarea, negozio-ereduak, produktuen salmenta, ordainketa-moduak, segurtasuna…); baita formazioan dauden erronken inguruan ere.
Solasaldi eta mahai-inguruetan hizlari hauek hartuko dute parte: Imanol Esnaola (Gaindegia), Josu Arraiza (Laboral Kutxa), Ainara Basurko (Azaro Fundazioa), Jean-Louis Harignordoquy (Herrikoa), Xabier de la Maza (Adegi), Jabi Asurmendi (Bitarlan), Gari Araolaza (Codesyntax), Iruri Knörr (Nolatan), Arkaitz Sukuntza (Ttalaka), Mikel Aranburu (Euskal Herriko plaza), Hirudi, Ainhoa Aldasoro (Donostia Sustapena), Aner Garmendia (Egamaster), Edurne Bilbao (IMH), Julen Elgeta (Hetel), Roberto San Salvador (Deusto), Jon Altuna (MU) eta Agustin Erkizia (EHU).
Arin-arin aurkezpenak
Aurtengo nobedadeetako bat dira negozioen aurkezpen laburrak. Horietan parte hartuko dute 16 enpresak, proiektu hauek aurkeztuz: Lansarean, Bizzia, Ikasmin, PuntuEus Fundazioa, Kide Aholkularitza, Biantik, Elhuyar Aholkularitza, Plakodur, Talaios Kooperatiba, Elhuyar Fundazioa, Boga Garagardoa, Emun, Labrit Multimedia, AZK, Junior Kooperatibak eta Gaindegia-Gislan.
Streaming bidez
Azoka streaming bidez jarraitu ahal izango da webgune honetatik bertatik. Ostegunean, goizeko 9:00etan hasiko da ekitaldiaren emisioa.
Hemen ikus dezakezue zuzenean.
Xehetasun guztiak egitarauan dituzue.