Berriakrss

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek Kursaalen

2014-10-23 - Enpresarean

Goizeko 9etan hasi eta 15:00ak bitartean egin da Donostiako Kursaal Jauregian Enpresarean jardunaldia. Guztira, 115 bat lagunek parte hartu dute, 80 erakunde eta enpresa ordezkatuz. Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariaren hitzetan, "helburuak bete dira eta etorkizunean gure enpresek izango dituzten erronkei aurre egiteko bideak irudikatu ditu Enpresareanek".

Laboral Kutxako Josu Arraizak, Donostiako Udaleko ordezkari Nerea Txapartegik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zigor Etxeburuak eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek ireki dute jardunaldia aurkezpen instituzionalarekin. Ondoren, Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronken inguruko mahai-ingurua egin da eta bertan izan dira Gaindegiako Imanol Esnaola, Laboral Kutxako Josu Arraiza, Azaro Fundazioko eta Lea-Artibai Garapen Agentziako Ainara Basurko, ADEGIko Xabier de la Maza eta Jean-Louis Haringardoquy, Ipar Euskal Herriko Hemen elkarte ekonomikoko zuzendaria. Guztiek bat egin dute hausnarketan eta etorkizunera begira bidai-orri antzekoa idatzi dute: “leihakortasuna sustatzeko elkarlana berrikuntzan eta kalitatezko zerbitzuetan”.

Bigarren mahai inguruan komertzio elektronikoa izan da mintzagai, eta beste bost lagun aritu dira mahaiaren bueltan. Jabi Asurmendi (Bitarlan), Gari Araolaza (CodeSyntax), Iruri Knorr (Nolatan, Ideateca, Ludei), Arkaitz Sukuntza (Ttalaka) eta Mikel Aranburu (Euskal Herriko plaza). Salmenta elektronikoaren esparru zabala aztertu dute, zerbitzu zein produktuen salmenta, abantailak eta eragozpenak, saldu osteko zerbitzua...

Arin-arin formatuan

Arin arin formatuan 15 enpresak euren proiektuak aurkeztu dituzte. Askotariko sektoreetako ordezkaritza izan da taula gainean. Komunikazioa, industria, eraikuntza, hezkuntza, hizkuntza... eta oro har, oso formatu dibertigarri eta berritzailean, hiru minutuko saioetan euren burua aurkeztu dute. 3D printing-eko aurkezpen bat ere egin du Mikel Arbeloa iruñearrak eta eredu arrakastatsuenen atalean, Aner Garmendiak, Egamaster enpresa gasteiztarraren esperientzia azaldu du. Gainera, Donostia Sustapeneko Ainhoa Aldasorok bere erakundea aurkeztu du.

Saioari amaiera emateko formazioaz aritu dira, Deustuko, Mondragon Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta HETEL erakundeetako ordezkariak. Nolakoak behar du izan etorkizuneko ikasleak? Enpresan moldagarria eta irekia pentsakera eta egiteko eratan. Hori omen da etorkizuna. Aurtengoa amaituta, 2016koa prestatzen hasiko da orain Bai Euskarari Elkartea.

Streaming bidez, 200 lagunetik gora

Streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izan da jardunaldia eta 200 lagunetik gora izan dira jarraitu dutenak. 11:30ean 188 ikusle zeuden, 13:00etan 232 ikusle eta 14:00etan, berriz, 224.

Argazkiak

Kafea

Kafea