2014-12-04 - Enpresarean
Haziz doa '.eus' komunitatea eta atzo geroztik (abenduak 3), beste 1.192 webgunek dute euskal komunitatearen izendapen digitala. Hori ospatzeko ekitaldia egin zuten Bilbon eta, horrekin batera iragarri, fase irekian aurkitzen dela jada erregistroa. Horrek esan nahi du edonork eska dezakeela erregistratzaile orokorretan bere webgunerako '.eus' domeinu-izendapena. Durangoko Azoka datorrela-eta, eskaintza berezia egingo dute, gainera, norbanakoentzat.
Ziurtagiriaren Elkarteko proiektuen webgune guztiak ere dagoeneko '.eus' dira. Baieuskarari.eus izan zen aitzindarietako bat eta dagoeneko martxan daude Enpresarean.eus eta Lansarean.eus ere.
Bilboko ekitaldian PuntuEus Fundazioko lehendakari, Josu Waliñok azpimarratu zuen "PuntuEus domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatea" dela, "guztiona". Datuak ere eskuratu zituen eta azaldu erregistratutako webguneen %95 Euskal Herrikoak direla eta gainerako %5 mundu osotik jasotako eskaerek bete dutela. Azpimarratu du, oro har, erakunde publiko, enpresa eta era guztietako erakundeetakoak direla komunitatea osatzen duten webguneak.
Fase irekia
Aurrerantzean komunitateko kide izateko baldintzak betetzen dituen edozein webgunerentzat eskatu ahalko da '.eus' domeinu-izendapena. Fase irekia da, erregistro publikoa, eta gainerako '.com' ala '.org' izendapenen kasuan bezala, izena eskuragarri badago, domeinu izendapen hori esleituko dio eskatzaileari dagokion erregistratzaileak.
Durangoko Azokan
Durangoko Azoka datorrela kontuan izanik, eskaintza berezia egingo dute Fundaziokoek. Hala, norbanakoei zuzenduta, Zureizena.eus ekimena jarriko dute abian. Norbanakoek euren izena erregistratu ahalko dute '.eus' izendapenarekin. 30 euroren truke domeinu-izena, 20 posta elektronikoko kontu, 2 GBeko espazioa eta transferentzia ahalmena erosi ahalko dira.
Informazioaren iturria: goiena.eus