Azken hilabeteotako datuek diote Euskal Herria ari dela pixkanaka enplegua sortzen. Kualitatiboki, baina, urteotan hartutako neurriek arrasto sakona utzi dute: gaur egun sinatzen diren hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak dira, zerbitzuen sektoreko enpleguaren pisua hazi da batez ere industriarenaren kaltetan, eta gutxieneko duintasun ekonomikoa bermatzen ez duten kontratuak arruntak dira.
Haizearen norantza aldatzen ari den honetan, Euskal Herrian enpleguaren eta gizartearen arteko loturak nolakoa izan behar duen erabaki behar da. Horren araberakoa izango baita pertsonen bizimodua eta gure etorkizuna herri gisa.