Berriakrss

Etorkizuneko eskualdea saretzeko estrategien lehia, martxan

2015-04-17 - Enpresarean

28 udalek eragile publiko eta pribatuen arteko egitasmo eta sinergiak sustatuko dituzte, 125.000 euroko finantzaketarekin.

Duela hiru urte lapikoan sartutako proiektua da Tolosaldea Saretzen. Eskualdeko eragile publiko eta pribatuen gunea da, eta, sektore ikuspegitik harago, "beharra" zegoelako ekin zioten foro horretan elkartzeari, Tolosaldea Garatzeneko lehendakari Ibai Iriartek azaldu duenez: "Bakoitza berean aritzen zen, bai, baina denak batera ez, eta eskualdearen garapen integral baterako hori behar-beharrezkoa da".

Horrela, beraz, hezkuntza, turismo, enpresa, sindikatu nahiz bestelako esparruetako eragileak dira, gaur egun, Tolosaldea Saretzeneko sustatzaileak. Urtean lauzpabost aldiz elkartzen dira, eta hausnarketa-ekintza metodologia erabiliz, luzera begirako estrategiak sortzea da beren jomuga nagusia: "Eskualdea bertako biztanleentzat erakargarria izatea nahi dugu, eta Tolosaldea etorkizunean ondo posizionatzea, sozio-ekonomikoki".

Bide horretan, hausnarketa horiei erantzun bat ematera dator Tolosaldea Saretzen proiektu-lehiaketa. Egitasmo zehatzen bila abiatu dira eragile publiko eta pribatu horiek guztiak, eta egitasmo horiek finantzatzeko lehiaketa aurkeztu dute. Horretarako, Tolosaldeko 28 udalek beren konpromisoa azaldu dute hasieratik, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik biltzen dutenaren a bideratu du, udal bakoitzak, Tolosaldea Saretzenen egitasmo honetara: guztira, 125.000 euroko diru-poltsa du egitasmoak. Aipatzekoa da, gainera, "konpromiso iraunkorra" hartu dutela udalek, eta 2017ra bitarte eko ekarpen hori egingo diotela Saretzeni.

 

Autonomia handiagoa, estrategiak sortzeko

Tolosaldea Garatzeneko Jose Luis Urdangarinek azaldu duenez, garapen agentziak lehendik ere bideratzen ditu enpleguari eta estrategiari begirako proiektu interesgarriak: "Kasu horietan, ordea, baliabideak ez dira erabat eskualdekoak izaten; Gipuzkoako Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzara nahiz Europako funtsera jotzen dugu proiektuak diruz laguntzeko".

Urdangarinen esanetan, horrek asko baldintzatzen dizkio epeak eta Tolosaldea Garatzeni, eta baita proiektuak aukeratzerakoan markatutako lehentasunak ere: "Kanpo-erakundeengana jotzerakoan, zailagoa da herrialderako nahiz erkidegorako bateragarriak diren lehentasunak markatzea".

Modu horretan, Tolosaldea Saretzen egitasmoaren bitartez osatu duten diru-poltsa berrikuntza oso garrantzitsutzat dute sustatzaileek: "Autonomia handiagoa emango digu, ez dugulako kanpoko erabakien menpe egon beharrik izango".

Tolosaldera begirako elkarlanak, lehentasun

Proiektu estrategikoen funtsa banatzeko lehiaketaren izen-ematea zabalik da jada, eta ekainaren 10era bitarte izango dute, eragileek, proposamenak aurkezteko aukera. Lehiberri zentroan bertan izango da proiektuak aurkezteko aukera eta, bestela, tolosaldeasaretzen@tolosaldea.eus helbidera proposamenak bidaltzeko aukera ere izango da.

Proiektu horiek Tolosaldearen garapen ekonomikoa izan beharko dute muinean, horretarako estrategiak garatuz. Horrela, erreferentzialtasuna, sektore publiko eta pribatuak uztartzea, bideragarritasun ekonomikoa, kalitatezko enplegua sortzea nahiz berritzaile izatea ezinbesteko baldintzak izango dira, Tolosaldea Saretzenen lehiaketan. "Eskualdeko pertsonen bizi kalitatea hobetu beharko dute, eta eskualde izaera izan beharko dute", azaldu du Garbiñe Mendizabalek.

125.000 euro horiekin proiektu bat baino gehiagori laguntzea da sustatzaileen asmoa, eta, bide horretan, aukeratutako proiektuetan %50 finantzatuko dutela ere argitu dute: "Enpresei irekia da egitasmoa, noski, baina lehentasuna emango diogu enpresen arteko lanketak sustatzeari", dio Ibai Iriartek. 2015ean aurrekontuak esleituko dizkiete, baina epe-muga proiektu bakoitzaren araberakoa izango da. 

Estrategiarako proiektuak edozein sektore eta esparrutakoak izan daitezke eta, horrela, esku artean ideia interesgarriak darabiltzaten herritar guztiei dei egin nahi izan diete parte hartzera: "Eskualde honetan bizi garen guztiok dugu eskualde hau eraikitzeko bete-beharra".

Egitasmoaren eta lehiaketaren inguruko informazio osatuagoa eskuratzeko, www.tolosaldeagaratzen.eus/tolosaldeasaretzen ataria ere bisitatu daiteke.

ataria.info/tolosaldea/1429182014051