Berriakrss

Zerbitzuek jandako tokia berreskuratzen hasi da industria

2015-04-21 - Enpresarean

Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak Hego Euskal Herrirako martxoko kontratazio datuak eman berri ditu, eta bertan berretsi dutenez, goranzko joera dago azken hilabeteotan. Bilakaera aldatuz doan heinean, beste hainbeste gertatzen ari da sektore bakoitzak guztizko kontratazioen gainean duen pisuari dagokionez ere. Hala, industriak kolpe handia jaso du krisian, baina 2014tik aurrera gora egiten ari da kontratazioetan, eta zerbitzuek azken urteotan kendu dioten proportzioaren zati bat berreskuratzen.

Ipar Euskal Herrirako sektoreen arabera dauden datuak ez dira Hego Euskal Herrikoak bezain zehatzak. Hala ere, Baionako Merkataritza Ganberak plazaratutako txosten berrienak ere industriaren hazkundea azaleratzen du: 2014ko hirugarren hiruhilekoan, industriaren alorreko landunak %0,4 hazi ziren 2013ko tarte berarekin alderatuta, merkataritza eta ostalaritzari lotuta ez dauden zerbitzuen sektoreko landunak %0,8, eta eraikuntzan %1,5eko jaitsiera izan zen.

Hego Euskal Herrira itzuliz, 2007tik izandako bilakaerari erreparatuta, zerbitzuek kontratazioen gainean duten pisua handitu egin da krisiak gogorren jo duen urteetan. Hala, 2007an Hego Euskal Herrian egindako kontratazio guztien %78,9 zegoen zerbitzuei lotuta, eta proportzioa %84,1eraino igo zen 2013rako. 2013tik 2014ra, aldiz, ia hamar puntuko jaitsiera gertatu da, hain zuzen, industriako kontratazioak oso nabarmen hazi direlako eta lehen galdutako tokia berreskuratzen hasi direlako. Datu bat ematearren, 2013an kontratazio guztien %8,8 baino ez zen etorri bigarren sektoretik, eta zifra ,4ra igo zen 2014an.

Guztira ia 200.000 kontratazio egin dira industrian Hego Euskal Herrian 2014an. Kopuru handi horietan, oso kontuan hartzekoa da Nafarroa Garaiko kontratazio guztien %28a etorri zela industriatik iaz, eta %21a Araban. Industria enplegu duinarekin lotu izan da gurean, eta albiste pozgarria da, beraz, baina oso kontuz hartzekoa. Izan ere, industriako enplegu berri honen kalitatea zalantzan jartzeko arrazoiak badaude: Nafarroa Garaian %24 igo da aldi baterako kontratazioa 2007tik 2014ra, eta tarte berean kontratazio mugagabeak gehien murriztu dituen herrialdea ere bada (%56ko jaitsiera 2007tik 2014ra).

Sektoreen araberako datuak eskualdeka xehatuz gero, azpimarratzekoa da zerbitzuek Hego Euskal Herriko lau hiriburuen bueltan duten pisu ikaragarria. 2014an Hego Euskal Herrian egin ziren lau kontratutik hiru zerbitzuetatik etorri bazen, hiriburuetan are handiagoa da proportzioa: esaterako, Donostialdean %88koa eta Bilbo Handian %85ekoa. Bestalde, Nafarroa Garaian, 2014an kontratazio igoera handia izan duten eskualde gehienetan, industriari esker gertatu da hori: Garesaldean kontratazioen %47a etorri da bigarren sektoretik, Sakanan %41a… Iruñerriko %20a ere esanguratsua da, hiriburua dela kontuan hartuta.

grafikoa2       

 

   grafikoa3

 

Araban, Nafarroa Garaiaren antzeko egoera izan dute Laudio eta Amurrio hartzen dituen Kantauri Arabarran, kontratazioen %59a etorri baita industriatik bertan. Bestalde, Araban dago Hego Euskal Herrian 2014an lehen sektoreko kontratazio kopuru oso nabarmena izan zuen eskualde bakarra: Errioxa Arabarran, laborantzatik etorri zen kontratazioen %65a.

Eraikuntzari dagokionez, oro har Hego Euskal Herrian zuen pisua ez zen oso handia, eta erabat hondoratu da azken zazpi urteotan. Hala ere, badaude salbuespenak: Ultzamaldean, eraikuntzak sortu zuen 2014ko kontratazioen %29a.

Kontratazioak Euskal Herrian: bideeo laburra:

www.youtube.com/watch

 

Kontratazioak sektorearen arabera aztertu ditu Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, aste honetan, ETB1eko Azpimarra saioan. 

 Informazio gehiago: www.gaindegia.eus