2015-06-09 - Enpresarean
Lehen lau urteak pasatuta, garapen agentzien laguntzaz hasitako enpresen %71k martxan jarraitzen dute, eta gainerakoen ek. Nebredaren iritziz, agentzien kalitatea erakusten du datu horrek.
Langabeak, enpresak eta ekintzaileak dira Garapenek biltzen dituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 32 garapen agentzien hiru ardatzak. Ekonomia suspertzen ari den ilusioa lagun, hainbat erronka finkatu dituzte aurrera begira; tartean, ahalegin berezia egitea enplegua bilatzeko zailtasun handienak dituztenekin, balio erantsi gutxiko jarduera duten enpresei laguntzea eta ekintzailetza mota berrietara egokitzea.
Iaz, 32 agentziek 17.700 langaberi eta 5.250 enpresari eman zieten orientazioa, eta 4.500 lan eskaintza ere kudeatu zituzten. Zein da balorazioa?
Krisia gorabehera jarduera indartsua lortu dugu, eta gai izan gara eragileei behar zuten arreta emateko. Datuek erakusten dute urte latzak pasatu eta gero suspertzen ari dela jarduera, eta, guri dagokigunez, agerian dago tokian tokiko sare ekonomikoa ezagutzen dugula, enpresekin harremanetan gaudela eta horrek aukera ematen digula langabeei lan eskaintzak egiteko.
Nola laguntzen diezue langabeei lana bilatzen?
Jakina da programa ezberdinak daudela langabeentzat, Jaurlaritzarenak, diputazioenak... Baina horrek ez dio balio langabeari; lagundu behar zaio lanbide eta enpresa jakin bat aurkitzen. Hori da agentziaren lana: enpresaz enpresa joan eta lan eskaintza zuzenena enpresa zuzenarengana iristeko bitartekari lanak egitea.
Horrek ez luke Lanbideren zeregina izan behar?
Entitate kolaboratzaileen lana behar du Lanbidek, dituen baliabideekin ezin duelako dena egin. Orain, esaterako, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentaren ordainketekin dago oso zentratuta. Noski, badago lankidetza gure artean.
Enpresek, batik bat, zeren bila jotzen dute garapen agentzietara?
Langabeentzat bezala, enpresentzat ere ez da aski programa bat dagoela jakitea. Orduan, guk, lehenik eta behin, laguntzen diegu beharrak eta aukerak detektatzen. Gero, animatzen ditugu aukera horiek proiektu bihurtzera, eta laguntzen diegu aktore ezberdinen arteko harremanak bideratzen: izan daiteke beste enpresa batekin harremanetan jarrita, zentro teknologiko batekin, merkatuan sartzen lagunduko dion beste erakunde batekin...
Ekintzaileak dira zuen hirugarren ardatz nagusia. Ekintzaileen soslaia zera da: gaztea, goi mailako ikasketak dituena eta langabea. Ekintzaile tasa Europako batez bestekoaren azpitik dago Euskal Herrian. Zein da horren arrazoia?
Ekintzailetza tradizio hori egon da, baina egia da azken urteetan galdu egin dela. Gizartearen bilakaerak eraman gaitu enpresariaren figura pixka bat ahultzera; enpresaria esplotatzaile irudi horrekin lotu da nolabait. Enpresa bat sortzea ere orain 40 urte baino zailagoa da: lehia handiagoa da. Hala ere, beharrak bultzatuta, eta gehienbat jende gaztearen eskutik, berreskuratzen ari da ekintzailetza kultura, eta uste dut Euskal Herriarentzat erronka handia dela hori.
Garapen agentzien laguntzarekin sortzen diren enpresen %71k iraun egiten dute lehen lau urteak pasatu eta gero ere. Laguntzarik gabe hasitakoen iraupen tasa da. Zergatik da garrantzitsua hasierako laguntza?
Guk gogoeta egiten laguntzen diegu ekintzaileei: negozio plan bat egin behar dute, merkatua eta produktua aztertu, alderatu euren produktuak zer balio erantsi dituen, eta ikusi zer finantzaketa behar duten martxan jartzeko. Hitzarmen bereziak ditugu finantza erakundeekin, eta bezero potentzialekin eta hornitzaileekin harremanetan jartzen ere laguntzen diegu. Horrez gain, azpiegiturak uzten dizkiegu, normalean hiru urtean eta prezio merkeagoan, eta gune horietan aukera dute gure teknikariekin harremanetan egoteko. Datuak erakusten du agentziek ematen duten laguntza premiazkoa eta kalitatezkoa dela.
Erraz igartzen da proiektu bat bideragarria den edo ez?
Pertsona batek ideia bat duenean, normala da ideia ona dela pentsatzea. Guk ez diogu esaten proiektua bideragarria den edo ez; azterketa sakon bat egindakoan, berak ikusten du, eta, normalean, bat etorri ohi dira ekintzailea eta garapen agentziako teknikaria.
Udalek jartzen dute garapen agentzien finantzaketaren ia %60. Krisi garaiotan, eutsi al diote zuekiko apustuari?
Mirestekoa izan da, garapen ekonomikoa euren eskumen zuzena ez izanda ere udalek erantzukizun osoz jokatu baitute. Orain zortzi urte, gure aurrekontuaren %50 baino gehiago beste iturri batzuetatik zetorren. Beste iturri horietan izandako jaitsierak orekatu dituzte udalek, eta horri esker eutsi ahal izan diegu hainbeste programari martxan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 177 herritan ematen duzue zerbitzua; biztanleriaren %87 hartzen duzue. Herritarrek badute, ordea, egiten duzuenaren berri ?
Zaila da oso-osorik ezagutzea agentzia batek egiten duen lana, jendeak gehiago ezagutzen gaitu gauza jakinengatik: langabeek, lana bilatzen lagundu diegulako; enpresek, orientazioa eman diegulako...
Iazko aurrekontuaren erdia sektore estrategikoei laguntzeko erabili zenuten. Zein dira sektore horiek?
Lurraldez lurralde aldatzen dira, baina, batzuk aipatzekotan, energia, mugikortasuna, aeronautika, IKTak eta elikadura sektorea aipatuko nituzke.
Maiz aipatu izan da kezka industria ekonomian pisua galtzen ari delako. Zu ere kezkatzen zaitu?
Industria aldatzen ari da; orain urte batzuk, kostuetan eta prozesuetan oinarritzen zen. Orain, sorkuntzarekin oso lotuta dago, ekoizpen aurreratuarekin. Ahalegindu behar dugu produktuak osorik diseinatzen eta prozesuetan material eta prozedura berriak txertatzen. Argi dago gure apustua industriak izan behar duela.
Aurrera begira, zein dira garapen agentzien erronka nagusiak?
Langabeei dagokienez, batik bat hiru taldek eskatzen digute lan berezia: batetik, gazteek, bai goi mailako prestakuntza dutenek eta bai batere prestakuntzarik ez dutenek; bestetik, 45 urtetik gorako prestakuntza handirik gabeko langabeek; eta, azkenik, emakumeek. Enpresen kasuan, asko txikiak dira, eta balio erantsi gutxiko jarduera dute; horiei laguntzea da gehienbat gure erronka. Eta ekintzaileekin, ekintzailetza mota berrietara egokituz joan behar dugu. Izan ere, orain arte banakakoak ziren gehienak, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen ekintzailetza kolektiboa. Horrez gain, ekintzailetza soziala ere ari da sortzen, errentagarritasun ekonomikoari bakarrik begiratzen ez diona, alegia.