2015-06-23 - Enpresarean
Ez dira adierazle perfektuak, baina Barne Produktu Gordinak eta beste zenbait neurgailuk aukera ematen digute Euskal Herriko ekonomiaren joera zer moduzkoa den jakiteko, eta batez ere, gure egoera beste herrialde batzuenarekin alderatzeko. 2014an, Euskal Herriko BPGa 31.900 euro ingurukoa izan zen biztanleko, Erosteko Ahalmen Parekatuan. 2008az geroztik izan duen zifrarik onena da, baina 2008koa baino 900 euro eskasagoa oraindik ere. Europako beste lurralde batzuetan, aldiz, 2010-11rako jarriak ziren jada 2008aren aurreko zifratan.
Hain zuzen, Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta, Euskal Herriko BPGa handia da, EBn 26.600 eurokoa izan baitzen biztanleko 2013an (azken datua). Lurralde industrialekin konparatuz gero, Alemaniako Baden-Württembergek (36.800 euro) eta Italiako Lombardiak (35.700 euro) alde handia ateratzen diete gainontzeko erregioei, baina Euskal Herria Katalunia (29.400 euro) eta Austriako Steiermark (30.700 euro) baino hobeki kokatuta dago, adibidez, datu gordinei dagokienez.
Dena dela, bilakaera kezkagarria daramagu gurean. BPGa goranzko joeran bada ere, industriak pisua galdu du ekonomian, eta industria da ekonomia bati aberastasun gehien ekartzen dion alorra, hain zuzen. Datu bat ematearren, Baden-Württembergen guztizko balio erantsiaren %35,3 dator industriatik.
Lanaren produktibitatea da ekonomiaren beste adierazle interesgarri bat. Landun bakoitzari urtean eta eurotan zenbateko etekina ateratzen zaion neurtzen du. Indize hori handitu daiteke, adibidez, lantegi batean makina berritzaileak sartu direlako eta hala langileek azkarrago lan egiten dutelako. Baina urteen testuinguruari begiratzen badiogu, antzematen da prekarietateari lotuta etorri dela produktibitatearen hazkundea; azken urteotan, behintzat.
Hori horrela, Euskal Herriak lanaren produktibitatean ematen duen datua oso kontuan hartzekoa da: 2014an, 79.100 euro sortu ziren langileko batez beste, EBko batez bestekoa 62.600 eurotan zegoen bitartean (2013koa da azken datua). Frantzia, Finlandia eta estatu gehientsuenen gainetik ere badago Euskal Herria adierazle honetan.
Lanaren produktibitatearen hazkundea oso fenomeno orokortua izan da EBn azken urteotan: EHn %31 hazi da 2002tik 2013ra, eta ia 2009tik 2013ra; EBko batez bestekoaren pare. Dena dela, deigarria da ikustea zer bilakaera izan den urtez urte gurean adierazle honi dagokionez: 2009an, krisiak industria jo zuenean, jaitsiera nabarmena izan zen EBn lanaren produktibitatean; Euskal Herrian ere jaitsi zen, baina askoz ere gutxiago. Lan prekarietatearen adierazle izan daiteke hori.
Esan bezala, lanaren produktibitatea handitzeko modu bat berrikuntza inplantatzea da, baina Euskal Herriaren kasuan ez dago zalantzarik: azken urteetan prekarietatearen lepotik hazi da produktibitatea. Izan ere, I+G gastuak beheranzko joera du, eta hori da adierazle ekonomiko kezkagarrienetako bat.
Euskal Herriak bere BPGaren %2,07aren pareko gastua egin zuen I+Gan 2012an, inoizko zifrarik onena. Baina 2013koak dira daturik berrienak eta hor beherakada nabarmena egin du: %1,99ra jaitsi da. Alemaniak eta Frantziak, aldiz, eutsi egin diote gastuari, eta Finlandia jaitsi egin da, baina bere zifrak EHkoak baino nabarmen hobeak ziren lehendik ere. Europa 2020 estrategiaren arabera, EBko herrialde guztiek BPGaren %3aren pareko gastua egin behar dute I+Gan bost urte barru. Horrenbestez, Euskal Herria oso urrun dago helburu horretatik, eta atzera doa, gainera.
Informazio gehiago:
www.gaindegia.eus/eu/ekonomia-adierazleak-eh