2015-07-02 - Enpresarean
Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuaren arabera, egun, bi alde ditu euskal ekonomiak. Batetik, uste du enpresen zati handi baten “aldeko baldintzak” baliatu egin behar direla, eta hazkunderako politikak garatu behar direla. Bestetik, ohartarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru enpresatatik batek galerak dituztela oraindik, eta politika horiek errealitate horretara egokitu behar dela. “Krisiari aurre egiteko ez dago errezeta bakarra”.
Institutuak txosten batean azaldu duenez, zorduntze datuek eta enpresen errentagarritasunak inbertsioak egitea ahalbidetzen dute: “Are gehiago euskal industrian, krisiari aurre egiteko gai izan baita”. Hori dela eta, uste du hazkundea sektore publikotik zein pribatutik bultzatu behar dela.
Aldeko baldintza horiek, ordea, ez dute berdin eragingo “enpresa, sektore eta herritar guztiengan”. Izan ere, ohartarazi du “oso alderdi kezkagarriak” ere badaudela: “Enpresa askok eta askok galerak dituzte, langabezia tasak oso altuak dira eta kaltetutako talde asko daude”.
Enpresa txikiak “larriago”
Orkestraren ikerketaren arabera, krisiak enpresa guztietan ez du eragin bera izan. Enpresa handiek eta ertainek “hobeto” egin ahal izan diote aurre. Enpresa handiek jarduera murriztu arren berrikuntza, lankidetzari, exportazioei eta irabazien tarteei eutsi die. Ertainek ere berrikuntzan eta internazionalizatzean egin dute ahalegina. Kaltetuenak, berriz, enpresa txikiak izan dira. Horregatik, Orkestrak politika publikoak egitera deitu du, “kolektibo horren beharrei aurre egiteko”.
Aurrera begira, “beharrezko” jo du erakundeen arteko “sarea”. Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta udalak elkarlanera deitu ditu “garapen ekonomikoa, soziala eta ingurumen garapena” bultzatzeko.
Informazio gehiago:
www.berria.eus/albisteak/11252/orkestraren_ustez_aldeko_baldintzak_daude_euskal_ekonomia_hazteko.htm
www.orkestra.deusto.es/lehiakortasunaeae/