2015-07-15 - Enpresarean
David Sánchez Bote MIKeko Zuzendari Nagusiak Enpresarean Foroaren lehen hitzaldian parte hartuko du ostegunean, Irungo Ficoban. Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainek etorkizunera begira kudeaketa arloan dituzten erronken inguruan hitz egingo du. Hitzaldira joateko izena eman dezakezu hemen.
Zer behar ikusi zenuten PYME 2025 proiektua martxan jartzeko?
Ikusten genuen enpresa txiki eta ertainak berritzaileago izan behar zutela kudeaketa mailan. Askotan prozesu eta adierazle onak dituzte berrikuntza teknologikoan, baina teknologikoak ez diren prozesuetan ez dituzte hainbeste gauza egiten. Kudeaketaz hitz egiten ari garenean ari gara pertsonen kudeaketaz, globalizatzeaz, interkooperazioaz, finantziazioaz, bezeroen kudeaketaz… Gure proiektuaren helburua da enpresak kudeaketa alorrean zein egoeratan dauden ikusi eta gai horietan hobetzeko ekintzak proposatzea.
Zergatik ez da kudeaketa berritzea aintzat hartzen?
Gure enpresa kultura oso teknikoa da, ingeniaritzaren ingurukoa. Garrantzia handia ematen zaio prozesuari; kalitatezko prozesu produktiboa hobesten da. Prozesu produktiboa ona izatea garrantzitsua da eta gure marka da hori munduan, baina aldi berean baztertuta uzten ditugu beste gai batzuk.
Zuen proiektuan EAEn punta-puntan lanean ari diren enpresak ikertu dituzue. Zeintzuk dira beste enpresa txikiendako hortik atera daitezkeen jarraibide edo pistak?
Hainbat gauza interesgarri ikusi ditugu. Finantzazioaren kontuan ikusi dugu arazo argi bat dela enpresek ez dutela finantzazio dibertsifikatua. Ez dituzte beste aukera batzuk ikusten eta egon, badaude. Bankuen finantzazioa % 80a da hemen. Alemanian, adibidez, % 50a da eta AEBetan % 25a.
Pertsonen kudeaketaren arloan beste lidergo mota bat behar da, lidergo kooperatiboa. Ez gara gai gure jendea proiektuan sartzeko. Gauza bat da langileak lanera etortzea, eta beste bat da proiektuan sinestea eta barneratzea.
Interkooperazioak ere badu garrantzia eta erreminta batzuk sortu ditugu hori errazteko. Oso zaila egiten zaie enpresa txiki eta ertainei interkooperatzea. Gaur egun mundu mailan eskatzen dituzten proiektuak oso handiak dira, oso konplexuak, eta enpresa bakarrak ezin dio erantzuna eman. Horregatik garrantzitsua da enpresa ezberdinen arteko interkooperazioa.
Globalizazioaren arloan, berriz, pertsonen kudeaketa dugu. Nola eraman atzerrira pertsonak? Nola kudeatu atzerrian dauden langile horiek? Horiek ere behar dituzte beste erreminta batzuk lana hobeto egiteko.
Beste puntu bat litzateke bezeroak sartzea berrikuntza prozesuetara. Hori ez dakigu ondo egiten. Bezeroa ikusten dugu erosle moduan, eta ez ezagutza berriak emateko subjektu bezala. Horri ere buelta eman behar diogu. Izan ere, askotan bezeroa da berritzera eramaten gaituen agenterik garrantzitsuena.
Enpresarean proiektuaz zein iritzi duzu?
Elkarlana beharrezkoa da gure enpresentzat. Enpresa txikiak daude Euskal Herrian eta bi aukera daude: enpresa tamaina handitu edo enpresak elkarlanean hasi gauza konplexuagoak egiteko. Ditugun enpresek ezin dituzte proiektu handi eta konplexuak egin eta horrelako proiektuak eskatzen ditu gaur egun merkatuak.
Zer egin daiteke hori sustatzeko?
Lehenengo identifikatu behar dugu zein negozio aukera dauden elkarlanerako. Identifikatu behar ditugu mundu mailan dauden proiektuak eta proiektu horiek aurrera eramateko behar diren enpresak elkartu. Behin proiektua identifikatuta dagoenean, promotore independenteak behar ditugu enpresen kudeaketaz arduratzeko.