Berriakrss

"Euskal enpresagintzako zenbait aje", Mugikariako kronika Sánchez Boteren hitzaldiaz

2015-07-28 - Enpresarean

 

Codesyntaxeko Luistxo Fernandez Enpresarean Foroaren lehen hitzaldian izan zen, David Sánchez Botek Irunen egin zuen hitzaldian, hain zuzen ere. Hitzaldiaren kronika bildu du Mugikaria aplikazioan. Hemen irakur dezakezue kronika osorik:

Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekimen bat da Enpresarean komunitatea, euskaraz (ere) lan egiten duten enpresa eta profesionalen sarea. Ekimen berri bati ekin diote orain: Enpresarean Foroa. Goizean goizeko hitzaldi sorta batzuk, gosariarekin lagunduak, Euskal Herriko zenbait bazterretan tarteka errepikatuko direnak.

Lehena Irungo Ficoban izan dugu uztailaren 16an, eta David Sánchez Bote izan dugu hizlaria, MIK ikerketa-zentroko zuzendari nagusia, "ez zahar ez gazte" den tipo argi bat (37 urte). MIK-ek burututako PYME 2025 ikerketa-lana aurkeztu du hitzaldian.

MIK dedikatzen da ikerkuntzara eta, batez ere, ikerkuntzaren transferentziara, enpresan ikerkuntza txertatzera. Eta ikerkuntza eta berrikuntza, bereziki, kudeaketari dagokionez, ez horrenbeste produktu teknologiko edo injinerutzetakoan (nahiz eta kudeaketarako ere teknologia lagungarri izan daitekeen, jakina).

Hainbat PYME edo ETE (enpresa txiki eta ertainak) aztertu dituzte PYME 2025 proiektu horretan, eta emaitza izan da, modu oso laburtuan azaldua, metodologia bat berrikuntza prozesuak indartzeko enpresa horietan. Lan honek ekarritako beste ondorio batzuk:

  • 80 praktika on biltzen dituen katalogo bat.
  • Arazo edo ahulgune puntualetan eragiteko, "smart" esaten dioten interbentzio azkarrak egiteko metodo bat.
  • Urtero 20 enpresarekin antzeko analisiak egiten jarraitzeko konpromisoa.

Honek guztiak pixkat "plan estrategikoen hizkuntza arkanoan" esplikatutako ipuinen antza du, baina Sánchez Botek haratago ere jo du eta, nire ustez, bere hitzaldiaren puntu interesgarriena izan da ikerketa hau egin bitartean deskubritu dituzten "euskal enpresagintzaren zenbait aje". Berak ez ditu honela izendatu, eta komatxoak nireak dira beraz, baina puntuz puntu nabarmenduko ditut detaile batzuk:

Berrikuntza parametro teknologikoetan ulertzen da bakarrik, eta oso gutxi kudeaketara lotua (%20.3 bakarrik). Aldiz, Alemanian kudeaketaren berrikuntza %47.6 da eta Txekian %31.6.

Finantziazioan, bankuetara lotuegi daude enpresak. Banketxeetatik kanpoko finantziazioa %69 bada Estatu Batuetan, Espainiako estatuan %27 da bakarrik. Alor honetan berrikuntza posible da, eta beharrezkoa da, Sánchez Boteren ustez.

Aliantzak egiteko orduan, errezeloz betetako kultura bat. Esakun bat gogoratuz azaldu du kontua hizlariak: "Askotan badirudi nahiago dugula saguaren buru izan, lehoiaren isatsa baino". Alegia, honela pentsatuz, zaila dela gero eta ohikoagoak diren nazioarteko kolaborazio proiektuetan eskua sartzea.

Internazionalizazioaren alorrean, ondo, baina... Alegia, esportatzen (bidalketaren logistikan, alegia) oso onak garela. Baina internazionalizazioak esan nahi du berrikuntza ere nazioartean egitea; eta atzerrira doazen profesional gazteen itzulerarako plangintza egokiak edukitzea; eta benetan Txinan edo Latinoamerikan bagaude, zaila dela gero ulertzea enpresaren administrazio kontseiluan edo kontseilu errektorean, partaide guztiak badira Arrasatekoak eta inguruko 50 kilometroko erradio batekoak. 

Aurrekoarekin lotua, zuzendaritzan dibertsitate gutxi. Euskal enpresako zuzendariek profil tipiko-tipikoa daukate: gizonezkoa, ingeniaria, 55 urte, 30 urte daramatza enpresa berean.

Ekintzailetzaren enfoke oker bat, auto-enplegura zuzendua dagoela ematen duena. Ekintzailetza benetan ezarrita dauden enpresen barrura zuzendu behar dela uste du Sánchez Botek. Bere esanetan, ekintzailearen profil ideala ez da Facebook berri bat sortuko duen euskal gaztetxo bat, baizik eta enpresa baten barruan dagoen norbait, 40-45 urte artekoa, 10-15 urte daramatzana enpresa horretan. Profil horrek ekarriko du, gure industria egituran, benetako berrikuntza.

Zerbitzu enpresaren fama txarra. Batetik, nazioarteko joera da manufaktura industrialen kasuan ere, produktuaz aparte, hari lotutako zerbitzuak ere eskaini eta saltzea. Eta hori ez da hemen behar bezala egiten.

Puntu honetan, nik neuk eskua altxatu dut esateko, nola gure zerbitzu enpresa, CodeSyntax, Interneteko eta software zerbitzuak eskaintzen dituena, sarbide zail batekin aurkitzen dela industria zenbaitetan: zerbitzuaren balio erantsia ikusi gabe, hornitzaile-katea diruz estutzeko joera bertsuarekin estutzen da IKT zerbitzuen enpresa bat.

Industria prezioaren osagarria estutzera ohitu da. Produktu materialen hornitzaileen kasuan Txinako produkzio merkea jarriko dizute balantzan, eta zerbitzuen kasuan ere prezio merkeagoaren mamua aurpegiratuko dizute: freelance erako zerbitzu amateurren aldaraketa. Sánchez Botek eman dit arrazoi pixka bat, eta zerbitzuaren balioztatze orokor baten premia bizi dugula esan du: Industriak jakin behar du bere manufaktura zerbitzuekin zabaltzen, eta era berean zerbitzu-hornitzaileenganako jarrera aldaketa bat ere beharko da.

Eta enfin, aje guzti hauek gureak esklusiboak ez direla ikustarazteko, MIK-eko Sánchez Botek erakutsi digun beste grafiko berezi bat: Enpresa batean, konpainiaren alde, pasatzen, ala kontra dihardutenen portzentaia Estatu Batuetan (State of the Global Workplace, Gallup [3]). 2011-12ko datuetan, gehiago dira enpresa barruan "etxe-kalte" ari direnak (%24), konpainiaren alde dihardutenak baino ().



Baina tira, horrekin ere ez liluratu, AEBetako grafiko horrek hemen ere antzeko baliokide bat izango zukeelako, baita kooperatiben kasuan ere.

Hortaz, Enpresarean Foroa oso interesgarria izan da. Hurrengoak antolatzen direnerako, adi egon.