Hala ondorioztatu zen irailaren 17an, MONDRAGONen Arabako Euskara Batzordeak antolatuta Electra Vitorian egin zen topaketan: lan eremuan euskara indartzeko erronkari eustea.
Elkarrizketa giroan jardun zuten bertaratu ziren Mondragon Korporazioko Electra Vitoria, Etorki, Urssa, Ikerlan eta Laboral Kutxa kooperatibetako ordezkariek eta HAZI erakundeko ordezkariak. EMUNek dinamizatzen duen Batzordearen aurtengo lanak errepasatuaz gain, euskara plana abian dutenen lorpen adierazgarrienak partekatzeko aukera izan zen: euskararen ezagutzaren gaineko diagnostikoen emaitzak, ezarritako hizkuntza irizpideak, euskara prestakuntza dinamikak, sentsibilizazio tailerrak, berri paperak, hizkuntza eskakizunak, etab...
Bestalde, Batzordeak gonbidatuta, bertan izan ziren Joseba Beloki txirrindulari ohia eta Iñaki Ortiz de Villalba Betagarriko abeslaria. Bi arabar ospetsu horien hizkuntza bizipenak ezagutu zituzten bertaratuek. Iñakiren ustez, itzela izan da euskarak Araban izan duen bilakaera azken urteotan, oraindik ere behar beste aitortua izan ez dena. Zailtasunak zailtasun, aurrera egiteko grina nabarmendu zuen. Josebaren aburuz, beldurra uxatu eta sozializatzea da bidea; zentzu horretan, aisialdiaren eremua lantzea ere gakotzat jotzen du. Gasteizen, errealitate sozialak askotan lagundu ez arren, euskaraz gero eta leku gehiagotan hitz egiten dela azpimarratu zuen.
Arabako Euskara Batzordean egun parte hartzen duten erakundeek aurrera jotzeko asmoa berretsi zuten, baita Batzordea gainerako kooperatiba edo enpresa arabarrekin osatzen joateko nahia ere.