2015-09-29 - Enpresarean
Euskaragileak enpresa batzordea aurkeztu dute Donostian egindako agerraldian. Lan-mundua euskalduntzeko zutabeetako bat enpresek beraiek osatzen dutela aintzat hartuta, “euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera emateko” helburuarekin sortu dute taldea euskararen normalizazioan aitzindari diren hainbat enpresak.
Gaur aurkeztutako ekimenaren jatorria non dagoen azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: “Kontseiluaren baitan biltzen den aholkularitza-sektoreak (Ahize-Aek, Artez, Elhuyar, Emun, Iberba eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea) 2013an antolatutako Lan-mundua euskalduntzeko Konferentzian du jatorria ekimenak. Bertan, lan mundua euskalduntzeko, euskaraz saldu, erosi eta lan egiteko, eragile estrategikoak eta gida-lerroak definitu ziren. Eragile estrategikoen artean, euskalgintzaz aparte, lau hanka nagusi definitu ziren: enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa. Konferentziari begira, eragile horietako ordezkariekin harremanak izan ondotik, euretako bakoitzak bete beharreko funtzio nagusiak proposatu ziren”.
“Enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan hainbat enpresarekin harremanetan jarri ginen Kontseiluko aholkularitza erakundeen bidez eta gaur aurkeztera goazen Euskaragileak enpresa batzordea sortzea proposatu genien”, esan du Bilbaok. Hainbat enpresak eman zioten erantzun baikorra deialdiari eta horrela, iazko irailean martxan jarri zen batzordea. Gaur egun ondorengo enpresek parte hartzen dute: Batz, Cikautxo, Eika, Ekin, Elay, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Matz-Erreka, Mondragon Unibertsitatea Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orkli.
Izendapenaren nondik norakoak ere azaldu ditu Kontseiluko ordezkariak, “egiletza horrek lanbide bati, ofizio bati dagokion adiera duelako. Enpresa hauek piezak, makinak… eta bestelako gailuak edo zerbitzuak ekoizten dituzte, baina, euskara eta euskararen normalizazioa ere ekoizten dute euren enpresetan. Horregatik dira euskara egile. Ez hori bakarrik, lan hori euren enpresatan egiteaz gain, gizarte erantzukizunaz jabetu eta inguruan ere eragiteko erabakia hartu dute. Hor kokatzen da hein handi batean batzorde honen funtzioa”.
Batzordearen zereginen eta une honetan lantzen ari denaren berri eman du ondoren Leire Okarantzak, Fagorreko lehendakariak. “Gure euskara planetako aholkularien bidez Kontseiluaren deialdia jaso genuenean, hasieran, harridura pixka bat sortu zigun. Zergatik eskatzen ziguten guri eta ez beste batzuei? Lehen bilera egin genuenean ordea, argi ikusi genuen. Enpresen euskalduntzean aurreratuta egon gaitezkeenok beste urrats bat eman dezakegu, kanpora begiratu eta azken urteotan hainbeste aipatzen den enpresaren gizarte erantzukizunetik, euskararen normalizazioan eragile izan gaitezkeela ikusi genuen. Alegia, denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan eta hori modu batera edo bestera egiteak, guztiok bihurtze gaitu norabide bateko edo besteko eragile. Hortaz, gure ibilbideak aintzat hartuta, lan-munduaren euskalduntzean urrats berriak emateko aukerak zabaldu eta eragin genitzakeela ikusi genuen”.
Batzordearen lehen egitekoetako bat bere buruari funtzioa ezartzea izan zen. Honela bada, bost funtzio zehaztu zituzten. Lehenik, eragile aktiboa izatea, lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten beste eragileen hizkuntza-politiketan eragiten saiatuz. Bigarrenik, eredugarri izatea. Enpresa euskaragileak eginiko ibilbidea partekatuz ezagutza aberastea eta enpresa-euskaragile gisa, eredugarri izateko eta euskararen normalizazioaren ikuspegitik, egokienak diren portaerak izateko ‘erantzukizuna’ betez. Hirugarren egitekoa enpresen arteko sinergiak sustatzea izango da. Laugarrena berriz, enpresa berriak erakartzea bitartekari eta sustatzaile izatea eta amaitzeko, enpresa-euskaragileak eginiko bidea balioan jartzea, onurak erakustea eta prestigioa ematea.
Behin horiek zehaztuta, 2015erako ekinbide nagusia ere definitu zuten. Okarantzak eman du ekimenaren berri. “Batzordean bildu garen enpresok, erabaki dugu, gure jarduera euskaraz garatzeko eta lan-munduaren euskalduntzean laguntzeko ere, urrats garrantzitsua izan daitekeela, gure hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz jaso dezagun eskaera luzatzea. Horrela, komunean izan ditzakegun hornitzaileekin prozesu bat hasiko dugu eurek ere zerbitzua euskaraz jaso dezagun konpromisoak hartu eta urratsak eman ditzaten. Modu horretan, uste dugu guztiok irabaziko dugula: guk zerbitzua euskaraz jasoz, gure hornitzaileek euren zerbitzua eta kalitatea hobetuaz eta gizarteak oro har lan-munduaren euskalduntzean urrats berriak emanez”.
Amaitzeko, “uste dugu, euskaraz saldu, erosi eta lan egin nahi dugunon indarrak bilduz eta batera eraginez, guztiontzat onuragarriak izango diren aldaketa esanguratsuak lor daitezkeela. Guk bide horri ekin diogu eta beste eragileei ere bide horretan urrats berriak emateko gonbitea luzatzen diegu”, esan du Leire Okarantzak.