Berriakrss

'Fabricatik' lantegira

2015-10-06 - Enpresarean

'Oficina'-tik bulegora; 'tienda'-tik saltokira: euskararen normalizaziora saltoa ematen ari dira Arabako gero eta enpresa gehiago, lantoki barruko euskara batzordeek bultzatuta. Horietako batzuk ezagutu ditugu.

Jantokian euskarazko bideoak ikusiz; dokumentazioa elebitan idatziz; langileei euskaltegiko klaseak ordainduz; lantegian euskara eskolak eskainiz; barne-aldizkariak argitaratuz; euskarazko zerbitzua bermatuz: askotariko neurriak hartuz, sektore guztietako Arabako enpresatan ari dira euskara normalizatzeko urratsak ematen, hizkuntzarentzat estrategikoa den esparru sozioekonomikoan.

Horren erakusgarri diren bi topaketa burutu berri dira Gasteizen. Lehenengoa, irailaren 17an, Mondragon Korporazioko Arabako euskara batzordeak antolatuta. Bertan, Electra Vitoria, Etorki, Urssa, Ikerlan eta Laboral Kutxako ordezkariak bildu ziren, baita Eusko Jaurlaritzako Hazi fundazioko kideak ere, Emun aholkularitzak dinamizatuta. Horietako batzuk pasa den asteko beste hitzordu esanguratsu batean ere parte hartu zuten: Araban euskara lanean ekimenaren lehenengo saioan, hain zuzen. Lurraldeko zazpi eragilek bultzatu dute egitasmoa: Arabako Foru Aldundiak, SEA enpresarien elkarteak, Merkataritza Ganberak, Merkatarien federazioak, Electra Vitoriak, Oreka It Zerbitzu Informatikoak, lanbide heziketarako Laneki elkarteak eta Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteak. Horiez gain, beste hogei gerturatu ziren topaketara, tartean okintza arloko Artepan, hezkuntza eremuko Egibide, El Corte Ingles merkatalgunea, LAB sindikatua, Vesa zinemak (Florida) eta Gasteizko Muebles Pozo altzari denda, aniztasunaren adierazgarri izan daitezkeen batzuk bakarrik aipatzearren. 

Euskararentzat, 'igogailuak'

1999an Arrasatetik Gasteizera lanera etorri zenean, lantokian "batere euskararik" entzuten ez zelako harritu zen Olatz Agorria. Gaur egun, Electra Vitoria igogailu enpresako Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza (I+G+B) departamentuko teknikaria izateaz gain, lantegiko euskara planeko koordinatzailea da. Duela hamar urte kooperatiban euskara plana abiatzeko lanean hasi zirenean, langileei galdetzea izan zen lehenengo urratsa: beharginen %8a baino ez ziren euskal hiztunak; aldiz, %80tik gora agertu ziren euskara plan bat jartzearen alde.

 

Babes hori ikusita, kooperatibako ordezkariez eta langilez osatutako euskara batzordea sortu zuten, eta baita zeregin zehatzetarako beste zenbait talde, beharren arabera aldatuz joan direnak. "Hasieran, ezer ez egotetik zerbait egitera, aldaketa nabarmena izan zen, erraz ikus zitekeena; jende guztia oso aktibo zegoen, baita lanetik kanpo ere; kantu-afarian elkartzen ginen, txangoak egiten genituen eta irteera kulturalak antolatzen genituen", gogoratzen du Olatz Agorriak. "Boom hori pixkat gaindituta", egoera egonkortuz doa gaur egun, eta hainbat dira Electra barruan hartu dituzten neurriak.

 

Ezagutza, erabilera, motibazioa eta erakundetzea dira edozein euskara planaren iparrorratza eta, ezagutzatik hasita, euskara ikasi nahi dutenei ekonomikoki laguntzen diete Electran, edo nahiago badute, lantegian bertan ematen dizkiete eskolak, astean lau-sei orduz. Era berean, formatu txikiko ikastaroak antolatzen dituzte, "ahalik eta langile gehienera iristeko".

 

'Bazkaltegiak'

Jundizeko egoitzan, Mezularia izeneko lehiaketa antolatzen dute: langile guztiek gramatika arau sinple baten berri jasotzen dute, eta horren inguruko galdera bat. Ondo erantzuten dutenen artean, zozketak egiten dituzte. Ez da ekimen deigarri bakarra: Bazkaltegiak antolatzen dituzte jantokian hilean behin, bokata jan bitartean euskarazko bideo bat ikusi eta, ogitartekoa amaituta, horren inguruan aritzeko. Zerrenda ez da horrekin amaitzen: motibazio tailerrak prestatzen dituzte, guraso izan berri diren langileei euskarazko sehaska-kantak bidaltzen dizkiete etxera, Euskararen nazioarteko eguna ospatzen dute abenduaren 3an, Korrikan parte hartzen dute eta Electrako euskara planaren EPA aldizkaria argitaratzen dute.

 

Euskara gehigarri hutsa izan beharrean erakundearen parte izan dadin ematen ari diren urratsen artean, badago nabarmentzekoa den bat: enpresaren jarraipen orokorra egiteko antolatu ohi dituzten barne hitzaldiak, gaztelaniaz egiteaz gain, euskaraz ere antolatzen dituzte.  "Bost-sei taldetik bat euskaraz eskaintzen da, eta hori euskara enpresa arloan barneratuz doanaren seinale da". Bestalde, paisaia linguistikoa elebitan jarri dute eta zabalkunde handiko dokumentuak euskarara itzuli dituzte; itzulpen zerbitzua abiatu dute ere, dokumentu formalak zein edozein langilek tabloian jarri nahi dituen oharrak euskaratzeko.

 

Olatzen hitzetan, "poliki" doaz, "hala egin behar dugulako euskara modu naturalean normalizatuz joan ahal izateko". Kalera begira dute orain erronka nagusia: "Barrurantz lan egin izan dugu orain arte; bezeroei zerbitzua euskaraz eman ahal izateko lan egin behar dugu orain".

 

Kutxazainak, konplize

Karlos Langarika arabarra duela 30 urte baino gehiago hasi zen Laboral Kutxan lanean, eta hamarkada hauetan zehar "Arabako gizarteak euskararekin daukan lotura nola aldatu den" bizi izan du bulegoan. "Lehen, gutxitan eskatzen ziguten euskarazko arreta; azken urteetan, gorakada handia nabaritu da, eta Kutxa bezala horri erantzuna eman behar diogu", dio.

 

Bulego bakoitzean gutxienez euskaldun bat egotea dute erronka. Zorionez, "gero eta errazagoa da, bazkide berriak gazteak direlako, euskaldunak oro har". Helburu hori bete arte, kutxazainak dituzte konplize: "Horiei esker dakigu zer zonaldetan erabiltzen den gehien euskara; Salburun eta Zabalganan, adibidez, askok erabiltzen dute kutxazaina hizkuntza horretan eta, beraz, auzo horietan arreta euskaraz eskaintzeko gai izan behar gara".

 

80ko hamarkadan abiatu zuen Laboral Kutxak euskara plana Arrasateko egoitzatik: mota horietako plangintzak dituzten tokietan ohikoa izaten den moduan, informazio euskarri guztiak elebitan dituzte –"edo bakarrik euskaraz, bezeroak hala eskatuz gero"–, euskara ikasi nahi dutenei ekonomikoki laguntzen diete eta egoitzetan euskara eskolak eskaintzen dituzte. Bazkide euskaldunen sare bat dute, halaber: "Informazioa euskaraz jasotzeko eta bidaltzeko konpromisoa daukagu; Araban 200 bazkide gara guztira, eta 50 inguruk parte hartzen dugu sare horretan; oso erabilgarria da, horri esker badakigulako zer lankiderekin egin dezakegun euskaraz".

 

"Gipuzkoan duela 20 urte zeuden egoeran" ikusten du Karlos Langarikak orain Laboral Kutxa Araban. Euskaltzale moduan, "babestuta" sentitu da Kutxan, baina "beste lantoki batzuetan ez dela horrela izaten" ohartarazi du. Hortaz, enpresetako zuzendaritzek bultza egitearen garrantzia nabarmendu du.

 

 

 

 

 

Betebeharraz haratago

Jakina da administrazioak hiritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk bete behar dituela derrigorrez. Minimo horiek ziurtatuta, urrutiago iritsi nahi du Eusko Jaurlaritzako Hazi fundazioak –garai bateko Itsasmendikoi, IKT eta Kalitatea fundazioa batu dituena–, Bikain ziurtagiria lortzea helburu. Bertako komunikazio taldeko langile eta euskara batzordeko kide Iratxe Artarazek halaxe azaldu du: "Langileen %55ak euskaraz jakin behar du, eta baldintza hori dagoeneko betetzen dugu, baina haratago joateko lan egiten ari gara".

 

Gaitasun-galdeketa bat egin ondoren, lanpostu bakoitzari zer euskara maila dagokion zehaztuko dute laster. Bitartean, euskara ikasi nahi dutenei ekonomikoki laguntzen die enpresak, eta beste hainbat ekimen antolatzen ditu euskara batzordeak, Iratxe Artarazek zerrendatu duenez: "Laguntzaile sarea dugu, gehiago dakigunok gutxiago dakitenei laguntzeko; bestetik, mintzapraktika saioak ditugu eta Korrikan parte hartzen dugu".

 

 

 

"Gero eta enpresa gehiago"

Euskara  normalizatzeko bidean, Gasteizen bildu berri diren foroen garrantzia azpimarratu du: "Errealitate oso ezberdinak daude lurraldeko enpresen artean; horrelako topaketatan, besteek egiten dutena ezagutu dezakezu, eta ekimen ona dira Arabak beti izan duen erdaldun ospeari aurre egiteko". Bere hitzetan, "jendea oso motibatuta dago eta gauzak egiten ari dira". Pixkanaka, dio, enpresa gehiago hurbildu daitezke: "Badakizu: nire auzokoak zerbait egiten badu... ba nik ere!".

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA