2015-10-08 - Enpresarean
Hamargarren urtez, enpresen jardunean euskarari tarte zabalagoa eskaintzeko egin beharko liratekeen urratsei buruzko gogoeta bideratu du Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak antolatutako 30+10 mintegiak.
Eusko Jaurlaritza lan munduan euskararen erabileran aurrera egiteko abian dituen hiru ekimen berri aurkeztu ditu sailburuordeak. Euslan programa pilotuaren berri eman du, profesionalen elkargoetako kideek (epaitegietako abokatuek, adibidez) beren jarduera profesionalean euskara erabil dezaten prestakuntza bereziturako laguntzak aipatu ditu eta lanbide heziketan euskara indartzeko Jaurlaritza garatzen ari diren ekimenen gainean ere hitz egin du.
Ekimen konkretuetan sartu aurretik, balorazio orokorra egin du sailburuordeak, emaitzen inguruko kezka ezkutatu gabe: «Egindako ibilbidea ez da makala, baina batez beste lortutakoarekin ez gaude konforme. Ahalegin handia egin dugu denon artean, baina apalegiak dira batez besteko emaitzak, oro har ez dira ahaleginaren pareko», adierazi du.
Euslan programaren berri ematean gogoratu du egitasmo pilotu honetan hamabi enpresa ari direla parte hartzen, denak ere aurretik bidearen zati bat egina zutena, eta industria arloko enpresetako «lan-hizkuntzan» jarri dela fokua. «Programa honen helburua da -zehaztu du- enpresa industrialetako lan-hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian».
Lanbide heziketa eta euskara uztartzen aitzindaria izan den IMHn ezin aipatu gabe utzi hezkuntzaren atal honetan besteen aldean euskarak duen presentzia urria. «Garbi daukaguna da hobetu behar dugula lanbide heziketako euskarazko irakaskuntza, lan munduan euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu», esan du.
Eragileen ikuspegia
Bereziki konplexua den errealitatea ikuspegi desberdinetatik aztertu dute hainbat eragilek. Eusko Jaurlaritzako Jorge Giménez Bechek, Kontseiluko Paul Bilbaok, Lanekiko Rikardo Lamadridek, Gaindegiko Imanol Esnaolak, Danobat Group enpresako Jon Mugartegik eta IMHko Fermin Lazkanok, azken hamar urteetan egindakoa eta lortutakoa aipatzeaz gain, egiteko dituztenak eta egiteke daudenak aztertu dituzte.
Bakoitza bere eremutik eta esperientziatik jardun bada ere, argi geratu da asko eta askotarikoak diren faktoreak eragiten dutela lan munduaren euskalduntzean, eta ezinbestean hartu behar direla kontuan faktore horiek guztiak urrats eraginkor eta iraunkorrak egin nahi badira. Hain zuzen ere, baten baino gehiagoren ahotan entzun dira 'geldialdi', 'apaltze' edota 'motelaldi' hitzak.
Kudeaketaren ikuspegitik mintzatu den IMHko Fermin Lazkanok azaldu duenez, «berandu hasi ginenez, oraintxe ari gara ikusten zer ari den ematen egindako lana». Emaitza ez da pozez saltoka hasteko modukoa, erabileraren bilakaera islatzen duten lerroak goranzkoari utzi eta «apaltzen» ari baitira. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu horretarako Lazkanok. Batetik, pertsonak, azken batean horien jarrerak eragiten baitie gora, edo behera, lerroei. Nahi izatea, ordea, ez da nahikoa, eta alor horretan baliabide falta aipatu du: «Lanerako tresneria ez dugu nahikoa euskaldundu, eta horregatik ere ari gara atzera egiten».
Metodologiak hobetu beharra nabarmendu du Lazkanok, eta berak erabiltzen duenaren inguruko zertzelada batzuk eman ditu, erakusteko besteak beste zehaztasun handiz jokatu behar dela, aldagai eta irizpide ugari kontuan izanda alegia. Esate baterako, eskakizun mailak finkatzeko orduan, langileen kopuru handi bat euskalduna izateak ez baitu automatikoki bermatzen organizazio horretan euskara lan-hizkuntza bilakatuko denik. Lan munduan zeharo murgildu aurretik ere nabarmena da, eman dituen datuen arabera, gaitasunaren eta praktikaren arteko arroila. Izan ere, praktikak egiteko orduan, lanbide heziketako hamar ikasletatik zortzi dira euskaraz lan egiteko gai; hamarretik seik egin nahi dituzte praktikak euskaraz, eta azkenean ez dira guztizkoaren herenera ailegatzen praktikak euskaraz egiten dituztenen kopurua.
Bai Euskarari ziurtagiria eta beste ekimen batzuen bitartez alor sozioekonomikoaren euskalduntzea lehentasunen artean daukan Kontseiluko Paul Bilbaok, gizarte erakundeen bilgune honek alor honetan egindako bidea gogora ekartzeaz gain, duela egun batzuk aurkeztu zuten 'Euskaragileak' batzordea izan du hizpide. Kontseiluaren baitako batzorde horretan hizkuntzaren normalizazioan aitzindari diren hamahiru enpresa bildu dira, eragile, sustatzaile eta beste batzuen bidelagun edo eredu izan daitezen, «egile izatetik eragile izatera» pasatuz. Eragileen indarraz eta borondateaz gain, pertsonen motibazioaren «korpus juridikoa» egokitzea eta sustapenari eustea ezinbestekotzat jo ditu Bilbaok «motelalditik ateratzeko». Izan ere, esan du azken urteetan argi ikusi dela euskara plan gehiago egiten direla eta eginda daudenak bizkortu egiten direla lege edo araudiaren aldetik urratsak egiten direnean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen inguruan eman diren pausoak eta horiek izan dute eragina aipatuz.
Ingurunearen garrantzia
Hala ere, eraginkorra izateko hizkuntzaren ingurukoak ezin badira landu enpresa-kudeaketaren gainerako ildoetatik aparte, edo horien menpeko gisa, enpresa ere ez da errealitate isolatua, erabat eragiten baitio inguruneak. Alde horretatik argigarria izan da Imanol Esnaola Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko koordinatzailearen ekarpena. Lurgune euskaldunetako egitura produktiboaren izaera eta egoera 2007az geroztik dezente aldatu direla azaldu du, Gaindegiak gaiaren inguruan egindako ikerketan oinarrituta. Eta ez bereziki euskararen mesederako. Hain zuzen ere, krisialdiaren eta ehun produktiboaren bilakaera orokorraren ondorioz, euskarak garatzeko aukera gehien dauzkan lurraldeetan apaldu eta pobretu egin da, nolabait esateko, enpleguaren eta jarduera produktiboaren 'kalitatea'. «Salbuespenak egon badaude baina, orokorrean, lurgune euskaldunetan nagusi ziren enpresa handi samarrak asko aldatu dira. Kanpoko jabegoa dute, maila teknologikoa apaltzen joan da eta, ondorioz, langileen formazio maila ere bai. Eta asko itxi egin dira. Sortzen ari den enplegua ezagumenduan intentsiboak diren sektoreetan ari da sortzen, eta enpresa horiek ez dira ari lurgune euskaldunetan sortzen, hiriburuetan eta gune berezietan baizik. Hori dela eta, gune euskaldunenetatik aldentzen ari dira profesional euskaldun prestatuenak, eta horrek pobretze handia dakar». Lantegietan ere euskaraz jarduteko baldintza onenak dituzten guneak, beraz, «sozioekonomikoki ahaldundu egin behar dira, ekonomia endogenoari leku berezia eta politika publiko bereziak eskainiz», eskualde jakin batzuen ezaugarri soziolinguistikoak lan mundua euskalduntzeko bidean aliatu eta indartzaile izan daitezen.
Bestalde, enpresetan lan praktikak euskaraz egiteko proiektuaren 3. fasea aurkeztu da mintegian eta, jardunaldiaren azken atalean, enpresetan lantzen diharduten sei praktika on azaldu dira: Aldahitz proiektuaren Eusle Metodologia Fagor Arrasate eta JMAren adibideekin; Gislan geolokalizaio aplikazioak; enpresen nazioarteko komunikazioen azterketa Elhuyarrek Mitxelena enpresan ezarritako praktikarekin; Enpresen formazioarentzat Enpresarean foroa; Egin salto! hizkuntza portaeran eragiteko interbentzioa eta Euskaraplus langile eta lana bilatzen ari diren pertsonen euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzeko proiektua.