Berriakrss

Lanposturik sortu ez arren, lan konpainiak eta kooperatibak hazi egin dira Gizarte Ekonomian

2015-11-16 - Enpresarean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpleguaren %8 ordezkatzen du. Krisiari "hobeto eusten dion eredua" dela aldarrikatu du Euskal Gizarte Ekonomia Sareak.

Euskal Gizarte Ekonomia Sareak, EGESek, azken bost urteetako balantzea egin du Bilbon egindako agerraldian. Nabarmendu du, lanposturik sortu ez arren, 554 enpresa berri sortu direla krisi garaian. Gizarte Ekonomiak guztira 69.280 langile baino gehiago ordezkatzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, enpleguaren %8, hain zuzen ere. "Ekonomia orokorrak baino erantzun hobea eman dio krisiari, enpleguaren galera apalagoa izan duelako eta azken ekitaldian berreskurapen zantzu argiak erakutsi dituelako". EGESen esanetan, ekintzaileek lan sozietateetara eta kooperatibetara jo dute krisi garaian. "Bitxia da krisi urteetan lan konpainia eta kooperatiba gehiago sortu izana urte lasaiagoetan baino. Nahiko genuke hau beti gertatzea, eta Gizarte Ekonomia ez izatea beharrizan bat".

EGESek aldarrikatu du pertsonak kapitalaren gainetik jartzen dituen ekonomiaren ikuspegi eta praktika bat dela Gizarte Ekonomia. "Parte hartzean eta demokrazian oinarritutako enpresa jardunbideak garatzen ditu, tokiko garapen iraunkorraren alde egiten du eta gizarte kohesioa sustatzen du, erantzukizun eta elkartasun irizpideak oinarri hartuta". Gainera, uste du enplegu gehiago eta kalitatezko enplegua mantentzeko gai dela. 2011ra arte enplegua sortu zuen, eta 2012-2013ko epean enpleguak eta fakturazioak behera egin bazuten ere iaz bi adierazleak egonkortzeko gauza izan zela nabarmendu du EGESek.

Jarraitu www.berria.eus webgunean irakurtzen.

2015-11-16 / Ander Gartzia Badiola