2015-11-25 - Enpresarean
Langabezia jaisten ari dela hizpide izan da Hego Euskal Herrian azken egunetan. Langabezia datuak behar bezala ulertzeko, ordea, langabezia datuei ez ezik, biztanleria aktiboari ere begiratu behar diogu, baita lanaldiaren iraupenari ere, eta, noski, merkatuaren beste zenbait adierazleri: BPG, industria, esportazioak, berrikuntza…
www.gaindegia.eus
Euskal Herrian 2.000.000 herritar gara 15 eta 64 urte bitartean. Aktibitate tasari erreparatuz, 10etik 7 ari dira lanean edo lan bila, hau da, gutxi gora-behera 1.400.000 pertsona.
2007az geroztik, ordea, Hego Euskal Herrian 153.000 pertsona gutxiago dago biztanleria aktiboan, INEren arabera. Hainbat arrazoiek eragin dezakete jaitsiera hori, besteak beste, biztanleriaren zahartzea eta ikastaldiaren luzatzea. Kontuan izan behar da migrazio saldoak positiboa izaten jarraitzen duela gurean.
Lanaldiaren iraupena
Krisialdian, lanaldi mota eraldatu egin da. Azken datuen arabera, 951.000 dira lanaldi osoa egiten dutenak, 2007an baino 181.000 gutxiago. Lanaldi murritzekoak, aldiz, gora egin dute:
192.000 dira orain, 2007an baino 29.000 gehiago. Datuok ez dituzte kontuan hartzen autonomo gisa ari direnak edo ezkutuko ekonomian dihardutenak.
Lanaldiaren iraupena sexuka aztertuz gero, argi ikus dezakegu oso bestelakoa dela lanaldiaren iraupena emakume eta gizonezkoetan: emakumeen artean 10 kontratutik 4 lanaldi murriztukoa da; aldiz, gizonezkoen artean 14tik 1. Beraz, lan intentsitate baxuak ugariagoak dira emakumeen artean, baina aipatu beharra dago krisiaren eraginez gizonezkoen arteko lanaldi murritzak biderkatu egin direla.
Jarraitu irakurtzen www.gaindegia.eus webgunean.