2015-12-17 - Enpresarean
Lan munduko eta euskalgintzako hainbat eragilek sustatutako egitasmoa Lehiberri zentroan aurkeztuko da abenduaren 17an.
Proiektu izaera kendu eta errealitate izatera pasatu nahi dute, lan mundu euskalduna; bai, behintzat, Tolosaldean. Sindikatuak, lanbide heziketa institutuak, Tolosaldea Garatzen, Lehiberri, udaletako euskara zerbitzuak, ordezkari politikoak, euskalgintzako eragileak nahiz gizarte eragileak eskutik aritu dira, pauso hori emateko beharreko oihala ehuntzen, aurkezpena, 18:30ean izango da, Lehiberrin.
Belaunaldi berriak euskaraz lan egiteko prestatu dira –edo horretan ari dira–, eta oinarri hori abiapuntu hartuta, euskaraz bizitzeko esparru bat gehiago astindu nahi dute: lan eta enpresa munduarena.
Dinamika berri horren nondik norakoak ezagutzeko deia egin diete interesa dutenei, hain zuzen abiapuntu eta helburuen nondik norakoak hizpide izango baitituzte, ekitaldi hasieran. Ondoren, Tolosaldea, hizkuntza eta lan mundua bideoa proiektatuko dute.
Kike Amonarrizek, berriz, euskararen inguruko datuak plazaratuko ditu, lehenengo, ondoren horien inguruko hausnarketa saio txiki bat egiteko.
Saioaren zati teorikoena amaitutakoan, euskaraz bizi diren enpresen adibideak ezagutzeko aukera ere izango da, eta horretarako bertaratuko dira, Lehiberriko auditoriora, Fagorreko Leire Okaranza eta Oreka ITko Iraitz Perez de Goldarazena.
Jarraitu www.ataria.info webgunean irakurtzen