Berriakrss

[Fermín Lazkano] “Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen”
Euskara eta enpresa

[Fermín Lazkano] “Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen”

2016-03-11 - Enpresarean

2015eko udazkenean, bere lantokian, Elgoibarko Makina Erremintako Institutuan, entzun genuen jardunaldietan. Euskalduntzean aitzindari diren enpresak zituen ahotan, eta tesi bat: langileen eta tresnen arteko hizkuntza-harreman konbinazioak kalkulatu behar dira, jakiteko zenbat euskara egin dezaketen. Horrek lagunduko du lorpenak fintzen. Fermin Lazkano IMHko Berrikuntzarako Tkgune Fabrikazio sareko zuzendaria da.

Enpresa munduaren euskalduntzea, oraindik moteltzen ez dela hasi baina hasiko dela diozu. Zergatik diozu hori, duela ez hainbeste jorratzen hasitako eremua da eta?

Optimismo antzuetan eta ezkorkeria maltzurretan ez erortzeko jakin behar dugu non gauden. Prozesu guztiek daukate euren erritmoa, lehenengo uneetan oso bizkor ibili eta gero moteldu egin daiteke, edo prozesu zailagoak direnean, hasieran, motelago ibil daiteke eta gero klabe batzuk aurkitutakoan bizkortu egiten da prozesua.

Oraindik ere in crescendo goaz, baina iritsiko da puntu bat non zailagoa izango den lorpenak erritmo berean lortzea. Gauza bat gertatzen da. Hasieran, oso garrantzitsua da giroa, gogoa, asmoa, pizgarria, zuzendaritzaren mezua, eta horrek denak eramaten ditu. Leitmotiva ipintzen duzu, denok ukitzen gaitu, eta indar asko biltzen dira une berean horren alde. Norbanakoen erabakien multzoa da hori.

Baina gero iristen da eremu pertsonalaren momentua, norberak hartu behar du erabakia, hurrengo saltoa pertsona jakinek eman behar dute.

Adibide baten bidez azal dezakezu?

Gure esperientzia, hemen. Hasieran kanpainak ziren: “Goazen errotulazioa euskaraz ipintzera!, Goazen tresnak euskaratzera!, inkestak egingo ditugu…”, eta ondo zihoan, [erabileraren] kurba gorantz zihoan. Gaur egun trabatuta gaude. Dozena bat pertsonak edo salto egiten dute edo ez dago beste zereginik. Erantzukizuna lokalizatuta dago eta pertsonengan dago, izan euskaldun ala erdaldun, euskaldun guztiek ere ez baitute euskaraz egiten.

Kuadrilla baten nahiak eta ahalmenak elkartzen direnean biderkatu egiten da indarra eta emaitza. Eman dezagun hamar lagun direla, zortzi euskaldun, baina gaztelaniaz egiten dute. Erabakitzen dute, bi horiek ez daudenean, euskaraz jardutea. Zortziek ez dute beteko baina bospaseik igoal bai. Une horretatik aurrera, bat-batean, sekulako saltoa eman dute. Kontua da indar hori noraino iristen den. Sei horietatik batzuk nekatzen hasiko dira, “ahozkoan oso ondo moldatzen gara baina idatzizkoan ez...”, trabak agertzen hasten dira, eta hasieran zeuden indarren sabaira ailegatzen gara.

Enpresak sabaiak jotzen ari direla esan nahi duzu?

Sabai bat dagoela konturatzen gara eta zergatik dagoen analizatuko dugu. Demagun idatzizkoan trebezia nahikoa ez daukagulako dela, “hi, ikastaro bat egingo diagu alfabetatzeko, astean lau orduz euskaltegian, enpresak ordainduta”. Horrek beste bultzakada bat ematen du, eta hurrengo saltoa hasten da, baina horrek ere bere sabaia du. Sabaiak hautsiz goaz, eta bakoitzak du hausteko bere klabea.

Horregatik diot, 90eko hamarkadan hasi ginen enpresa mundua euskalduntzen. Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen. 2003an egin genuen lehenengo euskara plana guk eta ikusi dugu zein den gure sabaitxoa. Berdintsu ari da gertatzen beste hainbat tokitan.  

Elkarrizketa osoa www.argia.eus webgunea irakur dezakezu.

 

Jarraian, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Fermin Lazkanori, BAI ziurtagiridunen aldizkariko 18. zenbakian, egindako elkarrizketa:

Enpresen euskalduntzea: metodo objektibo bat

Captura_de_pantalla_2016-02-01_a_las_12.34.26.png

Nola jakin euskara planetik lortutakoa asko ala gutxi den? Nola zenbatetsi lantoki batean euskararen erabileraren sabai teorikoa kuantifikatzea? Nola neurtu ekintzen eragina? Neurtzerik balego, erabaki eta ekintzak eraginkortasunaren arabera sailkatu ahal izango lirateke, batzuk lehenesteko.

Lantokietan lau eragile daude zuzenki eragiten dutenak hizkuntza ohituretan, eta beste bat zeharka eragiten duena. Grafikoki:

Lau eragile horiek eragile aktiboak dira, baldintzatu egiten dute erabiliko den hizkuntza. Zeharkako eragiletzat “giroa”, idatzi dugu.

Subjektu aktiboen artean elkarrekintza batzuk gertatzen dira, konbinazio jakin batzuk. Esate baterako konbinazio horietako bat, norbera eta tresneriaren artean gertatzen dena da. Horri AB konbinazioa deritzogu. Dauden guztiak hauexek:

Kanpoko eragileak hartzen dituztenak ezabatu egin ditugu analisi metodologikoaren azalpena laburtzeko.

Konbinazio horietako bakoitzak hainbat “kasu” biltzen ditu. Demagun pertsonak edo euskaldunak (1), edo erdaldunak (0) edo erdi euskaldunak (1/2) direla. Tresneriari dagokionez, edo euskaldunak (1) edo erdaldunak (0) dira. Konbinazioak eta kasuak bilduta, hau da sortzen den taula:


Orain artekoa biltzeko, hiru eragile aktibo hartu ditugu aintzat, hiru konbinazio agertu zaizkigu eta 33 kasu. Bere horretan, 23 kasutan (%70etan) ezinekoa da euskaraz aritzea, hain zuzen ere elkarrekintzetan erdaldunik (0) dagoen guztietan.

Kasuak baina, haztatu egin behar dira, ez baitute guztiek gertatzeko probabilitate bera. Esate baterako baliteke pertsona batzuek harreman gehiago izatea beste batzuk baino.

Hortxe dago metodologia honen lehen lana, enpresa ezaugarritzea alegia, litezkeen kasuak aintzat har eta laginak eginez harremanen maiztasunak zenbatestea.

Metodologiaren aplikazio sinplifikatu bat ondorengoa izan daiteke. Sinplifikatua diot guztiek elkarrekintza-maiztasun bera dutela suposatuko dugulako.

Laburtzen ari garen  adibidean, tresneriarik behar zuten bi pertsonen arteko harreman bakoitzeko (ABC), 15 aldiz gertatzen ziren bi pertsonen arteko harremanak baina tresneriarik gabe tartean (AC) eta 40 aldiz pertsona bat tresneriarekin jardun behar izatea (AB). Aurreko hau eta gorago erakutsi dugun kasuen taula aintzat hartuz:

Sinplifikazioekin jarraituz, enpresa horretan euskaldun, ia euskaldun eta erdaldunen kopuruak berdinak badira, 393 kasu horietatik, gehienez zenbat izan daitezkeen euskaldun kalkulatu ahal dugu:

Esan nahi baita eredua den enpresa honetan, hiru harremanetatik bakarra izan daitekeela, gehienez, euskaraz.

Jakina, eredu murritza erabili dugu baina ezagunak dira enpresa errealetan aintzat hartu beharrekoak haztapenak egitean: pertsona bakoitzaren harreman; konbinazio eta kasuen probabilitatea; pertsona zehatzen hizkuntza jarrera eta azkenik erakundean dagoen giroa, horrek pertsonen jarrerak euskaldundu egin ahal ditu eta, haztapen negatiboak ezabatu arte.

Ondorioz, euskara hedatzeko planek hasieratik aipatu ditugun lau aldagai aktiboetan eragin behar eta egin ohi dute, dela kasu erdaldunen probabilitateak murriztuz, dela euskaldunak direnen jarrera pertsonala babestuz, dela euskaldunak teknikoki alfabetatuz IKTekin, pantailekin, eskuliburuekin eta abarrekin duten harremana euskalduntzeko. Baina garrantzitsua dena: ekintza bakoitzaren eragina kuantifikatu egin ahal da.

Pertsonen arteko eta bitarteko teknikoekiko harremanen analisi kuantitatibotik eta euskararen aldeko konbinazioen indartzetik etor daiteke hurrengo jauzia. Tresnak euskalduntzea garrantzitsuagoa da, kuantitatiboki, uste dena baino.