Berriakrss

Jordi Via: "Urratzailea izan behar du ekonomiak"
Ekonomia

Jordi Via: "Urratzailea izan behar du ekonomiak"

2016-05-11 - Enpresarean

Argi du ekonomia sozial eta solidarioaren bideragarritasuna Jordi Viak (Bartzelona, 1954): «Eredu hori gizartean existitzen delako existitzen gara politikoki, bestela ez genuen arrakastarik». Bartzelonako Udalaren lehen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Batzordeko arduraduna da, eta hitzaldia eman zuen atzo, Errenterian (Gipuzkoa).

Ia urtebete igaro da Bartzelonako gobernua aldatu eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren batzordea eratu zenetik. Hilabeteotako lanarekin pozik al zaude?

Sentipen orokorra baikorra da, baina konplexutasunak egon direla baztertu gabe. Bartzelonako Udalean ez zegoen ekonomia sozial eta solidarioari buruzko berariazko esku hartze politikorik, are gutxiago eredu sozioekonomiko berri bat egitera bideratutako bat. Horrez gain, gutxiengoan agintzen dugu, eta zaila da aurrekonturik gabe politikak aurrera ateratzea. Zorionez, 2016rako aurrekontu erabilgarria dugu joan den astetik.

Batzordea trabatu dute oposizioko alderdi politikoek?

Ideologia politiko askok begi onez ikusten dute kooperatibismoa eta ekonomia soziala. Hori bai, pertsonei zuzendua dagoen enpresa eta ekonomia eredu berria egiteko joka dezakeen paperaz eztabaidatzeko garaian, korronte politiko bakoitzak bere garrantzia ematen dio. Profil neoliberalagoa dutenentzat, adibidez, funtzio aringarria du soilik. Bartzelonako Udalarentzat, baina, urratzailea eta berregituratzailea izan behar du.

Kontzeptua lehen aldiz entzun duenarentzat, zer da, zehazki, ekonomia sozial eta solidarioa?

Pertsonen zerbitzura dagoena. Ekonomiaren jatorrizko zentzua berreskuratu nahi du, baliabideak pertsonaren edo komunitatearen zerbitzura kudeatuz. Demokrazia ekonomikoan eta jardueraren autogestioan oinarritzen du garapena.

Ez al du inoiz baino garrantzi handiagoa gizartean dauden egoeren ondorioz? Krisi ekonomikoa, denda txikiak ixtea...

Lanpostuak mantentzeko gaitasuna nabarmen handiagoa da ohiko enpresa txikiekin eta ertainekin alderatuz gero. Adibidez: langileak jabeak direnez, enplegua erregulatzeko dosier gutxiago egongo dira. Etxegabetzeak, langabezia eta halako arazo sozialei dagokienez, gero eta indar gehiago dute enpresekin loturarik ez duten auzolan ekonomiek: denbora bankuak, kontsumo ekologikoko taldeak... Oinarrira itzultzen da ekonomia: beharrak asetzeko baliagarri izatera.

Halako ereduek komunitate txikietan soilik funtzionatzen dutela esango dute sektore neoliberalek. Bartzelonak, baina, 1,6 milioitik gora biztanle ditu.

Urtarrilean aurkeztu genuen Bartzelonako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren txostena. 4.700dik gora enpresa eta erakunde egoteaz gain, ekonomia komunitarioko 300 bat esperientzia bildu genituen. Badaude gizartearen beharrei erantzuten dieten dinamika autogestionatuak, merkaturatutako zerbitzuak izan gabe. Lan egiteko beste ereduak posible direla erakusten du.

Autogestioa garrantzitsua izan da Katalunian betidanik, ezta?

Bai, eta horrek azal dezake ekonomia komunitarioak bultzatzen dituzten kooperatiba txikiak egotea. Gutxienez, bi puntutatik arrazoitu dezakegu garrantzia: batetik, estaturik gabeko nazioa garenez, gizarteak bere gain hartu behar izan du kudeaketa, hizkuntza eta kultura mantendu nahi bagenituen; bestetik, Kataluniako langileen mugimendua libertarioa izan da historikoki. Bi errealitate horien uztartzeak azal dezake autogestiorako joera.

Osasuntsu dago Kataluniako kooperatiben mugimendua?

Arestiko galderan aipaturiko zifrek baino garrantzi handiagoa du ezohiko enpresa eredu baten jarduera ekonomia gauzatzeak.

Udal batzordera itzulita, ba al dago halakorik beste udaletan?

Bartzelonako Udala eta beste hiru udal Kataluniako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Udalerrien Sarea bultzatzen ari gara. 50 baino gehiago bildu ditu jada, Kataluniako biztanleriaren %60 inguru.

Iturria: Berria.eus