2016-06-30 - Enpresarean
Erresuma Batuan duten presentziari eustea espero dute BERRIAk kontsultatutako euskal enpresek, baina esperoan daude oraindik, 'Brexit'-ak ekar diezaiekeenari so. Dibisaren debaluazioak kezkatzen ditu gehien.
Lehendik bero-bero zegoen egurrari su gehiago bota dio brexit-ak. Erresuma Batua helmuga ezinbesteko duten euskal enpresek ezustean hartu dute britainiarren erabakia, inor gutxik pentsa zezakeelako Europako Batasunetik irteteko aukera gailen zitekeela. Testuinguru nahasia ireki du horrek, eta zenbait enpresa erronka horri heldu ezinik dabiltza, esperoan. Ziurgabetasuna gobernatzea egokitzen ari zaie, baina ez dute itxaropena galdu: «atzerapausoari» orain arteko botikarekin erantzungo diote, harreman komertzialei eusteko.
Sasoi ezegonkorrean heldu da berria. Brexit-a, izan ere, ez da kasu bakana: Txinako yuanaren debaluatu, altzairuaren krisia, petrolioaren gainbehera... «Traba bat gehiago», azaldu du Amaia Ferro Gipuzkoako Merkataritza Ganberako nazioartekotzeko zuzendariak: «Karramarroaren politika da: globalizazioaren garaiotan, etengabe zabalkundera goazen bitartean, brexit-a kontrako bidean dator euskal enpresentzat: protekzionismo handia dakar».
Hego Euskal Herriko enpresen laugarren jomuga nagusia da, Espainia, Frantzia eta Alemaniaren atzetik. Merkatu estrategikotzat dute: dozena bat enpresak fabrikak dituzte han, 500 konpainiak baino gehiagok esportatzen dute hara, eta beste hainbestek maiz egiten dituzte inbertsioak handik hona: 56,6 milioirenak iaz. Orain, urteetan zaildutako tokiari eustea egokitzen zaie: azeleragailua zapalduta, baina, badaezpada, esku frenoa jarrita. Inbertsioek etetera ez, baina moteltzera jo dezaketela deritzo Ferrok. «Edozein atzerapenek areagotu egingo luke ezinegona. Oso-oso aldakorrak dira merkatuak; arrisku ñimiñoena usaindu orduko, atzera egiten dute segituan. Fluxu egonkorra, finkoa eta ziurra nahi du diruak».
Aurkia eta ifrentzua da, nolanahi ere. Ferroren irudiko, bi abagune daude: «Inbertsioak etetea edo, ausardiaz, arriskuak hartzea etekin handiagoak lortzeko». Dibisaren debaluazioak kezkatzen du bereziki Irizarreko esportazioen zuzendari Gotzon Gomez. Egoera hori, halere, ez da berria Ormaiztegiko autobusgilearentzat (Gipuzkoa). Lantegi franko ditu mundu osoan, eta badaki zer den horrelako gorabeherei aurre egitea. «Gertatu izan zaigu aurretik, eta gertatzen da oraindik ere: Mexikon, Brasilen, Marokon...». Eta guztietan atera dira aurrera. Gomezek, dena den, ez du ukatu brexit-ak eragin diezaiekeela, ezta zenbait egitasmo atzeratu ditzakeela ere: libera esterlina iragan astean baino %6 ahulagoa da euroaren aldean. «Lehengo ostiralean baino garestiagoak dira orain gure produktuak, eta oso litekeena da gugana jota erosteko asmoa zuten Erresuma Batuko bezeroek bi aldiz pentsatu behar izatea».
Ekaitzaren ostean, barea
Amaitzear edota entregatzear dituen autobusei eutsiko die Irizarrek, baina Gomezek susmoa du zenbaitzuek patxadaz itxaroteko hautua egin dezaketela ziurgabetasuna argitu bitartean. Joera hori luzaroan mantendu eta kronifikatuko balitz, agerikoa da euskal enpresa ugarik nozituko lituzketela ondorioak. «Horrela balitz, gainkostu nabarmenak eragingo lituzke, eta enpresek lehiakortasuna galduko lukete», ohartarazi du Ferrok. Gomezek, ostera, ez du beldurrik, eta egoera bizkor onbideratzea espero du: «Ez gara urduri jarri behar. Ekaitza pasatuko da, eta ez dugu hainbeste sufrituko. Politikariei dagokie esku hartzea». Ekaitza noiz baretuko den? Zaila da jakitea. Merkatu bakarraren eta herritarrak nahierara lekualdatzeko aukeraren araberakoa izango da hori. «Argi dago konpainiak lehiakortasuna galtzen ari direla, eta berez estuak ziren negozio tarteak gehiago estutu ditzakeela brexit-ak. Libera lehenbailehen egonkortzea interesatzen zaie haiei ere, saldu baino garestiago erosten ari baitira».
Merkatua alde dauka Irizarrek. Erresuma Batuan autobusgile bakarra dago —Plaxton—, eta Irizar sendo ari da Mercedesekin lehian, «buru-belarri». Merkatu kuotaren %20 dagokio eta, orotara, 200 autobus inguru saltzen dizkie urtero hango bezeroei. «Eskarmentu aski dugu, eta ezagunak gara: astero etortzen zaizkigu Erresuma Batuko bezeroak. Beraz, gure lana ondo egiten segitzen badugu, Erresuma Batuak merkatu inportantea izango da aurrerantzean ere».
CAF trengilea ere Erresuma Batuko egitasmoekin ari da eskarien zorroa betetzen, eta brexit-ak on baino kalte egin ziezaiokeela bazirudien ere, Iñaki Escrigek argitu du printzipioz ez dutela halakorik espero: «Hurbiltasunagatik, lehentasunezko merkatu izango da aurrerantzean ere Erresuma Batua, eta normal eutsiko diegu aurtengo kontratuei. Ez da ezer aldatuko».
Beasaingo enpresak 310 milioi jasoko ditu Ingalaterra iparralderako irabazi berri duen proiektu bati esker. Halako bi baino gehiago —740 milioi— eskuratuko ditu Manchestertik Eskoziara aldirietako 98 tren ekoizteko. Horretarako, bi planta irekiko ditu. Iaz, 200 milioiko kontratua itxi zuen, Eskoziako hiri batzuk eta Londres lotzen dituzten Caledonian Sleeper trenak 2018rako hornitzeko.
Ingalaterran kontratu gehiago eskuratzeko lehian dago Beasaingo taldea, eta Escrigek ez du uste oztoporik izango dutenik. «Goia jotzetik urrun gaude, han gehiago errotzeko gogoz». Trenbide sarea berritzeko apustua egin du Erresuma Batuak, eta horrek gainkostuak emendatzen lagun diezaioke CAFi. Escrigen hitzetan, sare aktibo eta lehiakorrena da Europan.
«Ez da hondamendia»
Bat dator Ferro ere: «Brexit-arekin ez gara autarkikoak bihurtuko. Agian, aldatu egingo da Erresuma Batuarekiko dugun harremana, baina ez da hautsiko». Ez da ikuspegi hori daukan bakarra. Bilboko Merkataritza Ganberako nazioarteko esparruaren zuzendariorde Jose Luis Gilek asteon aitortu du brexit-a «berri txarra» dela, «baina ez hondamendia».
Eskoziarekin duen harremanagatik, Iberdrola da arrisku handien duena. Scottish Power adarrari esker, hango merkatuari zor dizkio emaitzen %20. Sanchez Galan presidenteak hitzeman du berdin erantzungo dietela bezeroen beharrei. Horren seinale, inbertsioak: 8.400 milioi euro, 2020ra arte.
Ituria: www.berria.eus