Berriakrss

Berritasun ugari aurtengo Enpresarean Azokan
Enpresarean azoka

Berritasun ugari aurtengo Enpresarean Azokan

2016-10-14 - Enpresarean

  •       Ekintzailetasun eta finantzazio ereduak hizpide, enpresa arloko aditu ezagunak elkartuko dira azaroaren 3an

  •        Jardunaldian eta arin-arin saioan parte hartzeko izen ematea zabalik dago www.enpresarean.eus webgunean

  •       2.000 euroko saria irabaziko du arin-arin saioan ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzen dituen proiektu edo parte hartzaileak.

 


Enpresarean Azoka Egitaraua
 
 
“Ekintzailetza eta Finantzazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak” izenburua hartu du aurtengo Azokaren egitarauak. Bertan, honakoak dira azpimarratzekoak:
 
Alde batetik, ekintzailetza ereduez solasaldi batean elkartuko dira Nagore Ardanza (Crecer+ Orkestrako arduraduna); BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa (ISEAko zuzendaria); Beñat Irasuegi, Talaios Kooperatibako zuzendaria; eta, azkenik, ADEGI-ko Paul Liceaga (Elkarte Sektorialen zuzendaria). Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du. Ondoren, lau ekintzaileren esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da: Lakariko Leire Udabe, Ecobameko Luis Urteaga, Le Nid-eko Haizea Pérez eta Errotuko Miren Muñagorri.
 
Ekintzailetzarekin jarraituz, azpimarragarria da Antton Tomasenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, ekintzailetza sustatzeko moduei buruz eskainiko duen hitzaldia: "Nola sustatu ekintzailetza? Zer eskaini ekin nahi duten pertsonei?"
 
Finantzazioari dagokionez, dirua nola lortu daitekeen arituko dira ondorengo profesionalak: Fiaretik, Juan Garibi (zuzendaria); Laboral Kutxatik, Xabier Egibar (Negozio Garapen Sailaren zuzendaria); Alexander Arriola, Spriko zuzendaria); eta, azkenik, Elkargi-ko Jorge Elaustegui (Bizkaiako Lurralde zuzendaria). MIK Research-eko David Sánchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du.
 
Era berean, Eneko Knörr-ek, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak, berrikuntzaren eta finantzazioaren alorren inguruan hitz egingo du. Bidean ikasitakoak azalduko ditu eta aurrera begirako proposamena luzatuko du "Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian" izenburuko hitzaldiaren bitartez.
 
Solasaldi eta hitzaldiez gain, aurretik aipatu bezala, arin-arin saioa egingo da. Parte-hartzaileek euren ideiak eta proiektuak hiru minututan aurkeztu beharko dituzte. Hirugarren edizioaren berritasunen artean nabarmena da lehen aldiz arin-arin saioko parte hartzaileak beka/sari bat eskuratu ahal izango dutela; 2.000 euroko diru laguntza emango zaio "ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa" hobekien uztartzen dituenari.
 
Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egingo da eta, horretarako, Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartuko dira esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak aurkezteko asmoz.
 
Bukatzeko, Markel Irizar, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusia, izango da bere egitasmoaren berri ematen. Ekintzailea da Irizar arlo profesionalean, zein pertsonalean eta Enpresarean Azokan "Ekintzailearen ezaugarri nagusia, BAIKORTASUNA" ri buruz hitz egingo du.
 
Enpresarean Azoka Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolaturiko ekitaldia da eta aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hernaniko Udalak, Oronak eta Laboral Kutxak babesten dute.
 
Interesatuek www.enpresarean.eus webgunean aurkitu dezakete ekitaldiari buruzko informazio guztia, egitaraua eta izen emateko galdetegia. Era berean, arin-arin saioan parte hartu nahi izanez gero, webgunean dagoen formularioa bete beharko da.