Berriakrss

Ilusioa, elkarlana eta ibilbide profesionalek topo egin dute Enpresarean Azokan
Enpresarean azoka

Ilusioa, elkarlana eta ibilbide profesionalek topo egin dute Enpresarean Azokan

2016-11-04 - Enpresarean

 
  • 130 pertsona inguru izan dira jardunaldian euren ilusio, ibilbide profesionalak eta ekintzailetza zein finantzazio ereduak partekatzen.

  • Arin-arin saioan 13 parte hartzailek euren proiektuak aurkeztu dituzte; Kaixomaitia-ko Iñigo Arandiak irabazi du 2.000 euroko saria, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzeagatik. Irabazleak Banaiz Bagara elkartearekin partekatu nahi izan du saria.

  • Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ideiak partekatzeko foroa eskaintzearekin batera, euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzeko konpromisoa hartu du.

 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartek Enpresarean Azokaren hirugarren edizioko balorazio positiboa egin du eta nabarmendu du profesional eta enpresen arteko euskararen sustapenean ematen ari den aurrerapena. Edizio honetan, gainera, Euskal Herriko erakunde eta pertsona erreferentzialek hartu dute parte, euskaraz, ekonomiaren eta lurraldearen garapenean hain garrantzizkoak diren ekintzailetzaren eta finantzazioaren gaiez aritzeko. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ideiak partekatzeko foroa eskaintzearekin batera, euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzeko konpromisoa hartu du. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen presentzia ziurtatu nahi du, ongizatearen pieza garrantzitsu gisa.

 

Ilusioa, elkarlana eta ibilbide profesionalak protagonistak izan ziren atzo ospaturiko Enpresarean Azokaren. Ekintzailetza eta finantzazio eredu berriak mahai gainean jarri eta enpresa zein ekonomia arloko profesionalek haien ikuspegiak alderatu eta proposamenak egin zituzten. Gainera, arin-arin saioan 13 proiektu sortzaile aurkeztu ziren eta Kaixomaitiako, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandiak irabazi zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako 2.000 euroko saria. Azpimarratzekoa da, era berean, saridunak Banaiz Bagara elkartearekin partekatu nahi izan duela diru-laguntza.

Ekitaldiari hasiera emateko, “Ekintzailetza eta Finantzazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak” gaia aurkeztu zuten jardunaldiaren antolatzaile eta babesleek: Rober Gutiérrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria), Markel Olano (Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia) eta Luis Intxauspe (Hernaniko Udaleko alkatea).

Ondoren, ekintzailetza ereduez hausnartzeko, solasaldi batean elkartu ziren ondorengo parte hartzaileak: Nagore Ardanza, Crecer+ Orkestrako arduraduna; BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa (ISEAko zuzendaria); Beñat Irasuegi, Talaios Kooperatibako zuzendaria; eta, azkenik, Paul Liceaga, ADEGI-ko  Elkarte Sektorialen zuzendariaPilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatu zuen. Ondoren, lau adibide praktiko entzun ahal izan genituen, ilusioz beteriko pertsona ekintzaileen eskutik: Lakariko Leire Udabe, Ecobameko Luis Urteaga, Le Nid-eko Haizea Pérez eta Errotuko Miren Muñagorri.

Ekintzailetzarekin jarraituz, azpimarragarria da Antton Tomasenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, ekintzailetza sustatzeko moduei buruz eskainitako hitzaldia: Nola sustatu ekintzailetza? Zer eskaini ekin nahi duten pertsonei?

Finantzazioari dagokionez, dirua lortzeko bideez aritu ziren ondorengo profesionalak: Juan Garibi, Fiareko zuzendaria; Xabier Egibar, Laboral Kutxako Negozio Garapen Sailaren zuzendaria; Alexander Arriola, Spriko zuzendaria; eta, azkenik, Jorge Belaustegui, Elkargi-ko  Bizkaiako Lurralde zuzendaria. MIK Research-eko David Sánchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatu zuen.

Era berean, Eneko Knörr-ek, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak, berrikuntzaren eta finantzazioaren alorren inguruan hitz egin zuen. Bidean ikasitakoak azaldu zituen eta aurrera begirako proposamena luzatu zuen "Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian" izenburuko hitzaldiaren bitartez.


Eneko-knorr-Enpresarean-Azoka

Solasaldi eta hitzaldiez gain, aurretik aipatu bezala, arin-arin saioa egin zen, zeinetan parte hartzaileek 13 proiektu, hiru minututan aurkeztu zituzten. Era guztietako formatuak ekarri zituzten: bertsoak, bideoak, gastronomia… saio oso dinamiko eta dibertigarria arratsaldeko parteari hasiera emateko. Gainera, hirugarren edizioaren berritasunen artean nabarmena izan da ekintzailetzari zuzenduriko 2.000 euroko sari bat eskaini dela; Kaixomaitia-ko, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandia izan da irabazlea, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzeagatik. Sariketaren erabakia Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean adostu da. Esan beharra dago, Kaixomaitia-ko arduradunak erabaki duela saria Banaiz Bagara Elkartearekin partekatzea.

 

Iñigo-Arandia-Kaixomaitia-Enpresarean-Azoka

Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egin zen eta, horretarako, Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartu ziren esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak zein oztopoak azaltzeko. Emakume ekintzaileek saretu eta bisibilitatea behar dela nabarmendu zuten.

Bukatzeko, Markel Irizar, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusia, jardunaldia itxi zuen bere egitasmoaren berri emanez. Ekintzailea da Irizar arlo profesionalean zein pertsonalean, eta Enpresarean Azokan argi utzi du Ekintzailearen ezaugarri nagusia, BAIKORTASUNA dela.

Enpresarean Azoka Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolaturiko ekitaldia da eta aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hernaniko Udalak, Orona Fundazioak eta Laboral Kutxak babestu dute.

Hemen duzue ekitaldia hasieratik bukaerara, ez galdu detailerik!