Berriakrss

Enpresarean Foroa: EGAMASTER kasuaren metodoa
Enpresarean foroa

Enpresarean Foroa: EGAMASTER kasuaren metodoa

2017-12-11 - Enpresarean

Oraingoan mundu mailako enpresa erreferente bat ezagutu nahi izan dugu Enpresarean Foroaren bitartez, Gasteizko EGAMASTER hain zuzen ere, mundu mailako arrakasta lortu duen enpresa euskalduna.

Ez dugu edonola egin; Garmendiatarren etxera sartu gara eta Aner eta Iñaki Garmendia aurrez-aurre jarri ditugu Enpresarean Foroan. Arrakastaren sekretua ezagutzen saiatu gara, eta euren begiradetan ikusi dugu ilusioak eta grinak eraginda.

Iñaki Garmendia

“Formazioz ingenieria, ikutu komertzialarekin. Munduan ibilia da, txinatarrez ere ondo moldatzen dena eta erramintei buruz gehien dakien adituetariko bat da”  - Aner Garmendia

Aner Garmendia

“Anai nagusia eta EGAMASTEReko zuzendari nagusia. Arlo komertzial - finantzieroan egiten du lan Anerrek. Enpresaren gidaria da”.   - Iñaki Garmendia


Arrakastaren Gakoa

I: Edozein estrategiaren giltzarria ondo formatutako pertsona motibatuak dira. Enpresa asko ez dira aurrera ateratzen, proiektuarekin konprometitutako eta estrategiarekin behar bezala lerrokaturiko talde baten falta dutelako. Ikuspegia egia bihurtzeko behar den balioa da.

A: Enpresa-kultura da balioa laburbiltzen duen kontzeptua: pertsonak, motibazioak, ideiak eta negozio plana. Enpresa kultura da horrek duen aktiborik garrantzitsuena eta imitatzea zailena dena. Beraz, EGAMASTERen arrakastaren gakoa, enpresaren kultura da.

I: EGAMASTERen balio nagusiak konpromisoa eta berrikuntza dira. Azken hau oso garrantzitsua da guretzat eta hori lortzeko hanka hauek zaintzen ditugu: pertsona taldea, internazionalizazioa, bezeroarekiko orientazioa eta berrikuntza irekia.

 

EGAMASTER, zertan ezberdintzen da?

I: Berrikuntza eta konpromisoa dira giltzarriak. EGAMASTER jaio zen egun beretik lehenetsi zen ahalik eta herrialde eta sektore gehienetan sartzea, horietako merkatu kuota batengatik lehiatzea baino.

Bestalde, EGAMASTERen argi dugu oso garrantzitsua dela eskola momentuan dagoen jendea barneratzea, enpresaren balioekin lerrokatzea errazagoa delako eta, bide horretan, barne promozioa lantzen dugu. Egungo arduradunen % 95a gurean praktikaldietan hasitakoa da.

 

Euskal merkatutik mundura

A: Askotan esaten dute Euskal Herriko enpresak txikiegiak direla munduan jarduteko. Esango nuke sektore askotan ez dela derrigorrez abantaila, desabantaila baizik. Enpresa txiki edo ertain izateak berekin dakartza bezeroenganako gertutasuna, malgutasuna, aukerak aprobetxatzeko gaitasuna eta hornitzaileekiko harreman hobea. Horixe da errealitatea, Euskal Herrian enpresa asko internazionalak gara eta munduan edozeinekin lehiatzeko gaitasuna dugu.

 

Hizkuntzak kudeatzen

I: Argi dugu hizkuntza dela besteen nahiak ulertzeko biderik egokiena. Saiatzen gara, beti, bezeroaren hizkuntza erabiltzen. 20 hizkuntza hitz egiten dira 100 pertsonako talde batean. Bezeroak ez dira bakarrik kanpokoak, barne bezeroak ere baditugu; argi dugu Gasteizen euskararen egoera ez dela nahiko genukeena, baina saiatzen gara euskara sustatzen, barnean zein kanpoan.

A: Oso garrantzitsua da bezeroari ahal den heinean zerbitzua bere hizkuntzan eskaintzea; gertutasun eta konfiantza maila altuagoa lortzen baita. Guretzat euskara garrantzitsua da gure hizkuntza delako eta maite dugulako, eta bestetik, gure enpresa langileekiko erakargarri egiten duelako. Araban ez da erraza euskaraz lan egin dezakeen enpresa bat topatzea; hala ere, gure enpresan lortu dugu euskararen bidez erakargarriagoak izatea eta normaltasun osoz euskaraz lan egitea.

Epe motzari begiratzen dioten enpresek, normalean, ez diote euskarari garrantzirik ematen; epe luzera begiratzen diotenek, ordea, euskararen aldeko eta beste arlo batzuekitan ere aurrera egiteko jarrera izaten dute. Euskararen alde egiten duten enpresa horiekin bestelako arloetan ere elkarlana sustatzeko eta esperientziak partekatzeko aukera izaten dugu.