Ekitaldiak

Itziar Galdos (2015-09-30)

Itziar Galdos (2015-09-30)

Itziar Galdos (2015-09-30)

"Bost milioi euroko itzulera ekonomikoa du Gasteizko triathloiak Araban"

1266100_.jpg

Enpresarean Foroaren bigarren hitzaldia egin du Itziar Galdos Ascentium elkarteko komunikazio arduradunak Gasteizko Europa Jauregian. Galdosek Gasteizko triathloiaren ikuspegi ekonomikoaren inguruko azalpenak eman ditu: 2.000 parte-hartzailetik gora ditu gaur egun triathloiak eta eragin ekonomiko handia du Gasteizen zein Lautadako herrietan. 

Babesleak “liluratzea”, lehen erronka 

2006an sortu zen Gasteizen triathloia egiteko ideia eta 2007an egin zen lehen edizioa. Galdosek triathloiak urte hauetan izan duen garapenaren berri eman du foroan, datu ekonomikoak erakutsiz.

Galdosen hitzetan, ideia ona izan arren, “liluratu” behar dira babesleak ekarpen ekonomikoa egin dezaten eta “sinestarazi behar diezu ekarpena positiboa izango dela ingurunearekiko”. Hala, 2007ko lehen edizioaren ostean Gasteizko Udalak garbi ikusi zuen hiriarendako onurak izango zituela triathloiak eta 2009tik 2012ra bitarteko proiektua garatu zuten elkarrekin: helburua zen Munduko Triathloi Txapelketa egitea Gasteizen.

Munduko Txapelketa arrakastatsua

2009an Espainiako Txapelketa egin zuten Gasteizen, 2010ean Europako Txapelketa eta 2011ean Munduko Triathloi Txapelketa egitekoak zirela, Las Vegasen antolatzea erabaki zuen nazioarteko federazioak, Gasteizko triathloiaren asmoak zapuztuz. Hiru urte horiek gorabeheratsuak izan zirela azaldu du Galdosek, galerak ere izan zituztela enpresan, baina 2012ko Munduko Triathloi Txapelketa ilusio eta gogo handiz antolatu zuten. 2012a “urte gogorra” izan zela esan du Galdosek, baina arrakastarekin guztia “ahaztu” zitzaiela.

2012ko edizioaren arrakastarako hiru arrazoi nabarmendu ditu:

- Helmuga hiri erdian kokatzea.

- Hirian sortutako ikusmina hainbeste kirolari Gasteizko kaleetan zehar astebete lehenago egotean.

- Partaide kopuru handia: 1.158 parte-hartzaile.

Izen propioarekin, parte-hartzaileak goraka

2013an, aurreko edizioko arrakasta ikusita, Challenge frankizia izateko erabakia hartu zuten, baina ez zitzaien gauza nahi moduan irten. Hala, hurrengo edizioak Triathlon Vitoria-Gasteiz izenarekin egitea pentsatu zuten eta, hasieran udalari ideia gustatu ez arren, edizio arrakastatsuak izan dira: 2014an 1.650 parte-hartzaile izan zituzten eta 2015ean, berriz, 2.025. 

Gaur egun bi modalitate antolatzen dituzte, full eta half distantziak. 2016ko ediziorako izen-ematea zabalik dago eta dagoeneko bete dira distantzia erdiko probarako inskripzioak.

Distantzia luzekoari dagokionez, berriz, atzerritarrendako zenbait leku dituzte gordeta, baina ezin du beste inork izena eman. Datozen edizioetara begira atzerriko parte-hartzaile gehiago erakartzea da helburua, Galdosen hitzetan.

Eragin ekonomikoa Araban

Galdosek aipatu du Gasteizen eta Araban triathloiak eragiten duen itzulera ekonomikoa handia dela: bost milioi eurokoa, gutxi gorabehera.

Nola erakarri markak horrelako proba bat babestera?

Galdosek azaldu du marka handiak ez direla sartzen hainbeste babesletzara, beraien ekitaldiak antolatzen baitituzte (Red Bull, adibidez).

Markekin harremanetan jartzen direnean galdetzen diete lehenengo zer nahi duten promozionatzea triathloiko parte-hartzaileen artean. Geroz eta zuzenagoak egiten dira proposamenak, bakoitzarekin egin behar da lan eta “askotan lan zaila izaten da”, adierazi du Galdosek.

Hizkuntza kudeaketa aintzat hartzen da? Ze irizpide hartzen dira kontuan? 

Hiru hizkuntzatan lantzen dute dena eta beti saiatzen dira euskaraz eta gaztelaniaz egiten webgunean, sare sozialetan, prentsa-oharretan...

Partaideentzako komunikazioaren kasuan, bakoitzari bere hizkuntzan ematen diete. Triathleta gida, adibidez, lau hizkuntzatan egiten dute: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. 

Zailtasun handiena seinaleetan izaten dela adierazi du Galdosek eta hizkuntza bakarrarendako lekua baldin badago ingelesez jartzen dutela.