Azaroaren 3an egingo da Hernanin euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen arteko topaketa, bi urtean behin antolatzen dena. Aurtengoa Enpresarean Azokaren hirugarren edizioa da eta Orona enpresaren Ideo berrikuntza gunea izango da kokalekua. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Hernaniko Udala, Orona eta Laboral Kutxa dira topaketaren babesleak. Hirugarren edizio honetako hizpideak ekintzailetza eta finantziazio eredu berriak izango dira eta Arin-arin deritzon proiektu ekintzaileen aurkezpen azkarren saioan 2.000 euroko saria egongo da jokoan. Izen-ematea zabalik dago, hala azokarako nola aurkezpen saiorako.
Aurtengo azokaren egitarauak Ekintzailetza eta Finantziazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak du izena eta, goiz eta arratsalde, lau mahai-inguru eta hiru hitzaldi hartuko ditu bere baitan. Saioetan enpresa eta ekonomia arloko adituek eta profesional esanguratsuek mahai gainean jarriko dituzte sustapen ereduei eta ekintzailetzari buruzko gogoetak. Horrekin batera, ekintzaileek esperientziak partekatu eta zuzeneko testigantzak eskainiko dituzte.
Gaur egindako aurkezpenean Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak euskarak eta enpresa-alorrak behar duten lotura estuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du eta azaldu du berebizikoa dela “hezkuntzan egiten den inbertsioari gero, lan esparruan segida” ematea.
Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, jarraian, egitaraua aurkeztu du eta nabarmendu du azokan parte hartuko duten izen propioen zerrenda ez dela edonolakoa. “Aditu eta ekintzaile sutsuak” izango dira topaketan, “esperientzia handiko eta ibilbide luzeko pertsona sortzaile eta berritzaileak”, zehaztu duenez; eta horiekin batera “finantziazio erakunde garrantzitsuetako ordezkariak” egongo dira.
Antton Tomasena, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak jardungo du hitzaldi nagusietako batean. Enpresa-sustapenaren alorrean esperientzia luzea du Tomasenak eta Nola sustatu ekintzailetza? Zer eskaini ekin nahi duten pertsonei? izeneko hitzaldian ekintzailetza bultzatzeko moduei buruz hitz egingo du. Goizeko saio nagusia izango da hori eta aurretik ekintzailetasunaz arituko dira adituak eta ekintzaileak, bi mahai-ingurutan. Batetik, ekintzailetza ereduez solasaldi batean elkartuko dira Nagore Ardanza, Crecer+ Orkestrako arduraduna; BAC Mondragonetik, Mikel Orobengoa (ISEAko zuzendaria); Beñat Irasuegi, Talaios Kooperatibako zuzendaria; eta, azkenik, Paul Liceaga, ADEGI-ko Elkarte Sektorialen zuzendaria. Pilar Kaltzadak dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du. Ondoren, lau ekintzaileren esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da: Lakariko Leire Udabe, Ecobameko Luis Urteaga, Le Nid-eko Haizea Perez eta Errotuko Miren Muñagorri izango dira mahaikideak.
Finantzazioari dagokionez, dirua lortzeko moduez eta bideez arituko dira ondorengo profesionalak: Juan Garibi, Fiareko zuzendaria; Xabier Egibar, Laboral Kutxako Negozio Garapen sailaren zuzendaria; Alexander Arriola, Spriko zuzendaria; eta, azkenik, Jorge Elaustegui, Elkargi-ko Bizkaiko lurralde zuzendaria. MIK Research-eko David Sanchez Botek dinamizatzaile lanak egin eta saioa gidatuko du.
Goizeko atala Eneko Knörr-ek, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarrak, itxiko du berrikuntzarako finantziazioa hizpide hartuta. Bidean ikasitakoak azalduko ditu hark eta aurrera begirako proposamena luzatuko du Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian izenburuko hitzaldian.
Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egingo da eta, horretarako, Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartuko dira esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak aurkezteko asmoz.
Bukatzeko Markel Irizar, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusia, izango da bere egitasmoaren berri ematen. Ekintzailea da Irizar arlo profesionalean zein pertsonalean, eta baikortasunak ekintzailetzan duen funtsezko garrantziaz hitz egingo du.
Azokarekin batera, Arin-arin izeneko proiektu ekintzaileen aurkezpen saioa egingo da eta aurtengo berritasuna saria egongo dela da. Parte-hartzaileek beraien ideiak eta proiektuak hiru minututan aurkeztu beharko dituzte. Ideia, proiektu ala egitasmo ekintzaileak esku artean edo buruan dituzten pertsonek aurkezpen azkarra egin beharko dute eta sormena eta, batez ere, laburtze gaitasuna baloratuko dira. Parte hartzaileek sari bat eskuratu ahal izango dute: 2.000 euroko diru laguntza emango zaio irabazleari, bi hilabeteko epean ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzen dituen proiektua gauzatzeko.
Azokan bertan eta Arin-arin saioan parte hartzeko, izena aurrez eman beharra dago, honako formularioak betez:
- Enpresarean Azokan parte hartzeko izen-ematea: goo.gl/jcTu2m
- Arin-arin saioan parte hartzeko izen-ematea: goo.gl/P2uwvh